GARA > Idatzia > Kirolak> Automobilismoa

Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria

Gurpilen energia

p042_f02_190x124.jpg

Lasterketaren amaiera aldera, Pujolarrek atzeko gurpilen energia aurrezteko eskatzen zion Maldonadori, batez ere abiadura handiko bihurguneetan. Gurpilen degradazioa zaintzea. Hori da duela 18 hilabetetik garaipenerako gakoetako bat.

Ikuslearentzat aparta da, pilotuen arteko lehia indartu eta garaipenerako aukerak dituzten pilotuen kopurua handitzen delako. Ingeniarientzat eta pilotuentzat (batzuentzat behintzat) frustrazioa eragin dezake. Pneumatikoak elementu erabakigarri bihurtu dira eta orain arte pisu gehiago izan duten beste osagarri batzuk ezkutarazten ditu, non ingeniariek esfortzu ikaragarria egiten duten diseinu aldetik abantailak lortzen auto azkarrago bat izateko.

Pneumatikoen portaera inkontzienteak lan hori guztia bigarren plano batean uzten du. Horretaz gain, Pirelliren bezero potentzialari mezu oker bat bidaltzeko arriskua dago, duela hiru aste azaldu nuen bezala.

Pilotu batzuek dagoeneko beren kexak azaldu dituzte zentzu honetan. Iazko komentario batean Pirelliren gurpilak arrautza egosiekin alderatu nituen. Duela egun gutxi Schumik konparazio bera erabili du pneumatikoen portaera azaltzeko.

Schumacherrek 1F-ren gaineko eztabaida piztu zuen. Zer nahi dugu 1F-rentzat? Pilotuak eta makinak limitera bultzatzen dituen kirol bat edo gurpilak limiteak definitzen dituen kirol bat? Galdera hori bidali zien Schumik txapelketaren antolatzaileei. Paddockean iritzi desberdinak aurki daitezke gai honen inguruan.

Pilotu gazteenak, 2010era arte erabilitako Bridgestonekin esperientzia gutxirekin edo agian gabe, nahiko pozik daude Pirelliekin. Beste batzuk egoera honekin ez dira ados azaldu, eta bakar batzuek egoerara moldatzeko beharra erakutsi dute, Vettelek eta Alonsok esaterako. Hauen arabera 1F modernoaren parte da, non ikuslearentzat kirol entretenigarriago bat lortzea den helburua. Schumiren ustez, berriz, gurpilek aurten duten eragina gehiegizkoa da, oso inkontzienteak eta bereziak direlako, bere hitzetan, eta ez dutelako uzten ez pilotua ez autoa limitera bultzatzen. Pilotuek beti limitera iritsi nahi dute, beraien DNAren parte da.

Pirelli 1F-ra iritsi denetik, ordea, gauzak nabarmenki aldatu dira pilotuentzat. Gurpilak zaintzea erabakigarria bihurtu da, eta pilotuak ez daude mota honetako lasterketetara ohituta; ez zaie gustatzen. Bestalde, Bridgestonen garaian bezala, gurpil paregabeak izan ditzakegu, baina lasterketak aspergarriagoak ziren. Gurpilen bitartez entretenigarritasuna irabaztea erabaki zuten, baina pilotuei ez zaie gustatzen. Agian, beste soluzioren bat bilatzen saiatu beharko da FIA. Schumirekin ados nago, 1F-n pilotua eta makina limitera bultzatzea posible izan behar da.

Lasterketa hasi aurretik, gutxik espero zuten venezuelarrararen garaipena, poletik hasi arren. Normalean gidatze akatsak egiten dituen pilotua da, eta gutxik uste genuen lehen aldiz poletik hastearen presioari eutsiko zionik. Niki Laudak Alemaniako telebistan zioen bezala, «ez dakit nork irabaziko duen gaur, baina badakit nork ez: Maldonadok, inoiz baino urduriago hasiko delako eta beti akatsen bat egiten duelako». Atzoko saioan ez zuen asmatu, venezuelarrak merezita irabazi zuen. Montmeloko sekretuak primeran ezagutzen duela bistan geratu da, baita bere ingeniari Xevi Pujolar kataluniarrak ere. Bere garaipena positiboa da kirolarentzat.

Gehienok espero genuen bezala, Alonsok irteeran aurrea hartu dio. Baina lehenengo geldialdiaren ostean venezualarrak posizioa irabazi dio eta amaierara arte eutsi dio asturiarraren presioari. Alonsok berak azaldu zuen bezala, era guztietara saiatu zen aurreratzen, baina atzokoan ez zen posible izan. Egia da lasterketan nahiko zorte txarra izan zuela trafikoarekin. Litekeena da Pic-i itzulia kentzen galdu duen denborak garaipena balio izatea. Edozein kasutan, asteburu osoari begiratuz, asturiarraren emaitza oso positiboa da txapelketari begira, bi RedBullak eta bi McLarenak atzean utzi baititu. Denboraldiaren laurden bat pasa da eta Fernando Alonso txapelketaren buruan kokatuta dago Vettelekin batera.

Garaipen honekin Maldonadok Williamsen zortzi urteko lehorteari amaiera eman dio. Opari paregabea duela gutxi 70 urte bete dituen Frank Williamsentzat, bere izena daraman taldea Renaultenarekin berriro parekatzea lortu duen urtean, 90eko hamarkadan hainbeste arrakasta lortutako bikotea berriro elkartu da. Hori gutxi balitz, Renault taldera iritsi den urtean, Senna izeneko gidari bati autoetako bat eman dio. «Williams-Renault» eta «Senna» esaldi berean entzuteak hotzikarak sortzen dizkigu, 1994a dakarkigu gogora.

Gauzak horrela, oraindik ez dakigu non dagoen Ferraria, ezta McLarena eta RedBulla ere. Lasterketa batzuk pasa beharko dira txapelketa apur bat egonkortzeko. Nahiko egoera arraroa da; besteetan denboraldiaren garai honetarako tendentziak garbiak dira. Litekeena da Ferrarik beraiek espero baino emaitza hobeak lortu izatea bost lasterketa hauetan; beste batzuei agian kontrakoa pasa zaie. Arrazoia pneumatikoetan datza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo