GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendi lasterketa | Hitzordua

Maila zein lehia handiko Transvulcania lasterketa

Maiatzaren 16an jokatu zen 83 kilometroko lasterketa entzutetsua. Anna Frostek eta Dakota Jonesek irabazi zuten, eta biek ala biek errekor berriak ezarri zituzten. Uxue Frailek eta Iker Karrerak, berriz, bosgarren postuak erdietsi zituzten.

p042_f02_199x144.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Transvulcania lasterketa jokatu aurretik, aurreko asteetan, behin eta berriz entzun eta irakurri genuen aurtengo ekitaldia berezia izango zela oso. Izan ere, nazioarteko zirkuituaren barruan dagoen lehia horretan munduko espezialista indartsuenetarikoek parte hartuko zutela espero zen. Eta hein handi batean ez zuten huts egin. Gizonezkoetan, bederen, bizpahiru lasterkari kenduta, irteera puntuan izar nagusiak ziren. Eta, jakina, hori guztia lasterketaren nondik norakoan nabaritu zen.

La Palmako hitzordu hori pasa den 16an jokatu zen. Aurretik 83 kilometroko ibilbide gogorra zuten. Eta, hori nahikoa ez balitz bezala, azkenaldiotan ingurumari hartan izan duten bero handia gehitu zen. Alabaina, inor ez zen kikildu, eta korrikalariek erakutsitako maila eta gogoa izugarria izan zen. Hori dela-eta, modalitate horretako aurtengo lasterketa garrantzitsuenetarikoa biribila izan zen.

Gizonezkoetan ez bezala, emakumezkoen parte hartzea askoz ere txikiagoa izan zen. Hala ere, lehen postuetan ibili zirenek maila ederra eman zuten. Anna Frost izan zen garailea 8 ordu eta 11 minutuko denborarekin; lasai asko esan daiteke ez zuela areriorik izan. Frostek bolada luzea pasatu zuen ingurumari hartan «girora egokitzen», eta ikusten denez, emaitza oso ona izan zen; izan ere, irabazteaz gain, aurreko errekorra hautsi egin zuen. Uxue Fraile, berriz, bosgarrena izan zen.

Mutiletan, bestalde, benetako lehia estua izan zen, lehenbiziko bi sailkatuak ia esprinta egin zuten. Irabazlea Dakota Jones izan zen 6 ordu eta 59 minutuko denborarekin. 21 urteko estatubatuarrak ere aurreko errekorra (Miguel Heras eta Iker Karrerak iaz ezarri zutena) gainditu zuen. Ia minutu batera Andy Symonds helmugaratu zen, eta hirugarrena, ia hamar minutura, Kilian Jornet izan zen.

Karrera, bosgarren

Podiuma lortu zutenak izen handiko lasterkariak dira. Euskal ordezkariei dagokienez, Iker Karrera hitzordu horretan izan zen. Amezketarra bosgarren sailkatu zen, 7 ordu eta 38 minutuko denborarekin.

Lasterketari buruz galdetu diogunean, Karrerak ez du zalantzarik goi mailakoa izan dela: «Iaz oso maila handia izan zuen, baina aurtengoak are handiagoa. Parte hartzeko palmares bat aurkeztu behar zen, eta horren arabera, onartzen zintuzten edo ez. Bizpahiru lasterkari kenduta, palmares handienak genituenak han ginen. Horretaz gain, Transvulcania ultra trailen nazioarteko zirkuituan zegoen, eta horrek goi mailako espezialistak erakarri zituen. Eta, azkenean, horrek guztiak bere eragina izan zuen. Izan ere, oso lasterketa azkarra izan zen, hots, goi mailakoa. Errekorrak hautsi egin ziren, lehenbizikoen artean oso lehia estua egon zen... Eta argi geratu zen, Kilian Jornet faborito bazen ere, besteok ere korrika egiten dugula. Hitzordu horretan bukaera arte lehia egon zen, oso lehia gogorra».

Euskal lasterkariak bosgarren postua sinatu zuen, baina, hala ere, ez da oso gustura geratu sailkapen horrekin: «Lasterketa polita egin nuen, baina emaitzarekin ez naiz pozik geratu. Maila handiko lehiakideak nituen, batzuk erretiratu ziren, nire atzetik palmares handiko lagunak geratu ziren... baina, zoritxarrez, urdaileko arazoak izan nituen eta ezin izan nuen postu hoberik lortu. Arazo horiengatik jaitsieretan asko sufritu nuen; ez, ordea, igoeretan. Fisikoki fresko bukatu nuen, baina arazo horrek nire erritmoa baldintzatu zuen. Laugarren postuak ihes egin zidan, eta podiumetik gertu ibili nintzen. Trail des Citadelles eta TNF 100 Filipinak lehiak irabazi ditut, baina honetan maila handiagoa zegoen».

Lasterkari gipuzkoarrak adierazi digu estrategia zehatzik ez zuela indarrean jarri: «Beste lasterketa batzuekin alderatuta, oso lehiakide indartsuak zeuden, eta neure helburua erritmoa mantentzea zen. Oro har, oso lasterketa ederra da, eta oso ondo antolatua. Ikusleei dagokienez, Zegamakoa aipatzen da, baina hau ez da atzean geratzen; makina bat ikusle zegoen ibilbidearen hainbat eta hainbat zatitan. Bero handia egin zuen, baina, tira, lehiatu behar zen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo