GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ideologia ezberdinetako emakumeak, «Bateragune auziko» zigorren kontra

Ideologia politiko ezberdinetako 50 emakumek Auzitegi Gorenak «Bateragune auzian» emandako epaia salatu zuten atzo Bilboko Plaza Biribilean. Otegi eta beste laurei jarritako zigorra «bidegabea» dela berretsi zuten, eta gatazka «bide horretatik» ez dela konponduko.

p012_f01_199x120.jpg

Nerea GOTI | BILBO

Ideologia ezberdinetako emakumeak dira eta arlo ezberdinetan egiten dute lan. «Bateragune auziko» epaiaren aurrean hausnarketa bera egiteak batu ditu eta hori plazaratu nahi izan zuten atzo 50 lagun inguruk Bilboko Plaza Biribilean egin zuten elkarretaratzean.

Guztien izenean, Sagrario Lopez Ahotsak taldeko ordezkariak hartu zuen hitza komunikabideen aurrean. «Hemen gaudenok sentsibilitate politiko ezberdinetako emakumeak gara. Askoz gehiago gara eta askoz gehiago izango gara, `Bateragune auziko' epaia bidegabea dela uste dugulako», esan zuen. Gaineratu zuenez, «bide horretatik ez dugu arazoa konponduko».

«Bidegabea da. Ez gara isilduko» zioen pankarta bakarraren atzean, Arantza Isasmendi (EAJ), Rebeca Ubera (Aralar), Kontxi Bilbao (Ezker Batua), Helena Gartzia (Bildu) edota Jone Goirizelaia (ezker abertzalea) bildu ziren, besteak beste. Adierazi zutenez, Rafaela Romerok (PSE) ere parte hartu behar zuen, baina arazo pertsonalak zirela-eta, ezin izan zuen atzoko elkarretaratzean egon.

Sindikatuak

Sindikalgintza arloko ordezkariak ere izan ziren, hala nola Belen Arrondo (STEE-EILAS), Arantza Urkaregi, sindikatu bereko kide eta D3Mren aurkako auzian akusatua, CCOO eta LAB sindikatuetako zenbait ordezkarirekin batera izan ziren.

Atzoko protesta iragarri zutenean esan zuten bezala, salaketak batzen dituen guztiak ez datoz bat «Bateragune auzian» zigortuak izan diren Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezek duten ideologiarekin, baina horietako bakoitzak bere ideia politikoak izateko eskubidea defendatzen dute.

Sei eta sei urte eta erdiko kartzela zigorrak ezarri zituen epaiaren aurrean, auzipetuen jarduera politikoa defenditu zuten. Esan zutenez, «bide demokratikoetan ideiak defenditzea ez da delitua» eta isilik egoteko prest ez daudela nabarmendu zuten.

Plurala

Atzo Bilbon izan ziren 50 emakume ingururen artean, alderdi politiko ezberdinetako kideak izan ziren, sindikatuetako ordezkariak eta beste arlotan lan egiten duten elkarteetako kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo