GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

PPren arrabolaren politika, euskal ordezkarien adierazpen askatasuna zanpatuz Kongresuan

Amaiurren aurkako neurri arbitrario eta sektarioarekin hasi zen legegintzaldia Madrilen. PPren gehiengo absolutuak gidatzen duen Kongresuko Mahaiak talde parlamentario propioa izatea ukatu zion, jurisprudentzia eta zentzu onaren aurkako erabakia hartuz, mendeku egarriz. Aurrera begirako bere jokamoldearen pistak eman zituen, estilo propio bat finkatuz. Hain zuzen, bere arrabolaren politikaz euskal ekimen orori bidea itxiz, autoritarismoaren politika muturrera eramateko inongo oztopo legal eta moralik gabekoa. Estatuen preso diren nazioen selekzioen aldeko ekimena, nonbait, eskapatu egin zitzaion eta sona handia izan zuen Kopako finalaren atarian. Nafarroa Bizirik-en ekimenari, Nafarroako konkista militarrari buruzkoari, onartua zuen baimena bertan behera utzi dio, UPNk gaia xaxatu eta polemika elikatu ostean. Zentsura hutsa, funtsik gabeko argudio interesatu eta kapritxosoekin ezin mozorrotuzkoa.

Beren burua erretratatzen dute PPk eta UPN haren makuluak. Ekimenaren bultzatzaileen iraganak aireratzeak eta Nafarroako historia ofizialaren inguruko monokultiboa bultzatzeak txalo erraza bilatu eta indar erakustaldiaren planta egiten du. Oker dabiltza, baina. Eta ahul, oso ahul.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo