GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskola txikiei buruzko dokumentala aurkeztu dute, 25. urteurrena ospatzeko

p018_f03.jpg

Jon ADAN |

Gipuzkoako Eskola Txikien Festak 25. urteurrena ospatzen du aurten, ekainaren 3an Larraulen. Hartara, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeak Iñaki Alcalde gurasoaren eskutik eginiko «Eskola bizia, herri bizia» dokumentala aurkeztu zuten Iñaki Alcalde berak eta Irati Aldazabalek, Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundekoak, atzo Donostian eginiko prentsaurrekoan.

Azaldu zutenez, eskola txikiek herrietan zer garrantzia duten eta pedagogikoki dituzten ezaugarriak zein diren gizarteratzeko premiak ekarri du dokumentala egiteko erabakia. Halaber, 25 urtetako ibilbidearen ostean, eskola txikien mugimenduak gaur dituen kezkak eta erronkak zein diren jaso nahi izan dute dokumentu honetan.

Iñaki Alcaldek, dokumentalaren egileak, proiekzioaren helburua azaldu zuen: «Eskola txikietako errealitatera hurbildu eta bertako dinamika irudietan jaso dugu. Bestalde, eskola txikien hezkuntza eredu alternatibo, kalitatezkoa eta aberatsa erakutsi nahi izan dugu».

Proiekzioaren ezaugarriak

Dokumentalak Gipuzkoako eskola txikietako hainbat kideren testigantzak jasotzen ditu. Off-eko ahotsik gabe, elkarrizketetatik jasotako testigantzek jarri diote hitza dokumentalari, ahots aniztasuna bilduaz: eskola txikietako gurasoak, irakasleak, ikasleak, udal ordezkariak mintzo dira beren esperientziaz, kezkez eta erronkez.

Bestalde, eskola txikietako ikasgela barruan lana zer-nola egiten den ere ezagutzera ematen du filmak: ikastalde batek hiruhileko batean burututako «Energia eta kotxeak» izeneko zientzia proiektuari, hasieratik bukaerarainoko jarraipena egiten baitzaio istorioan zehar. Dokumentala euskara hutsean eginda dago, eta azpitituluak ditu gaztelaniaz eta ingelesez. Ordubeteko iraupena du eta HD kalitatean egina da. Obraren soinu banda Borja Rodriguez musikariak egin du.

Lehen emanaldia ekainaren 1ean izango da, 19.00etan, Tolosako Leidor aretoan. Gipuzkoako eskola txikietako gurasoak, irakasleak eta udal ordezkariak presente izango dira lehen emanaldi horretan. Bestalde, Eskola Txikien 25. Festa Egunean bertan (ekainaren 3an, Larraulen), eskolako aretoan bi proiekzio eskainiko dira 11.00etan eta 16.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo