GARA > Idatzia > Kultura

Euskal literaturaren historia nola kontatzen den aztertu du Jon Casenavek

Maider IANTZI | DONOSTIA

Jon Casenavek (Baiona, 1957) euskal literaturaren historiaren segida ikertu du bere liburu berrian. «Euskal literaturaren historiaren historia, gurea nola konda?» lana egiteko, segida horren gurpila gelditu, pauso batzuk urrundu eta begirada kritikoz begiratu dio idazle eta ikerleak, gero irizpide argiagoekin berrekin ahal izateko. Utriusque Vasconiae argitaletxeko Ur Apalategik bi bertute nabarmendu zituen: alde batetik, «oso molde pedagogiko garbian eskaintzen ditu gogoetak, eta edozeinek irakurri eta aurki dezake interesa liburu honetan». Bertzetik, «Hegoaldeko irakurleriari ezezagunak egingo zaizkion hainbat erreferentzia erabiltzen ditu».

Casenavek azaldu zuenez, euskal literaturaren historiaren historia egiteko gogoa zuen, XIX. mendetik gaurdaino idatzi direnak bilduta. Eta hausnartu ere egin nahi zuen Euskal Herrian orain arte historia hau nola kontatu den ikusteko. Agertu zuenez, hogei urteotan gai honi buruz anitz argitaratu da, «hala behar zen, bihurgune ugari izan delako».

Baina plazaratutakoa hurbiletik ikertzean, denek eredu historiografiko berbera erabiltzen dutela ohartu da Casenave. «Patroi edo modelo bakar bat erabiltzen da kontsentsua bilatu balitz bezala. Telebistan, eskoletan, idazleen artean, modelo hori onartua dute».

Eta nondik heldu da eredu hori? Jakinarazi zuenez, Koldo Mitxelenak 60ko hamarkadan finkatu zuen, eta moldatua bada ere, oinarri berberak erabiltzen dira egun ere. Ikertzaile honen iritziz, eredu horri buruz hagitz gutti eztabaidatu eta pentsatu da eta gogoeta egin behar da historia egiteko moldeaz.

Deskribatu eta kritikak jaso

Utriusque Vasconiaeren Kritika Literarioa sailean kaleratutako liburu honetan, deskribapen bat egin du egileak, euskal literaturaren historiak azalduz, eta material kritikoak ere bildu ditu.

Gogoratu zuenez, Koldo Mitxelenak bihurgune bat markatu zuen: aukera linguistiko bat egin zuen -soilik euskaraz idatzitako obrak aukeratu zituen bere corpuserako-, Euskal Herri osoko obrak hartu zituen, eta helburu literario bat zutenak. Aurrekoarekin haustura ekarri zuen horrek, eta «dudazko ondorio batzuk» ere bai. Adibidez, Casenaveren ustez, 30 urteotan garaikidetasunari eman diogu premia eta gero eta gehiago, gaurkoari ez, baizik eta datorrenari ematen diogu premia. «Ilusioa dugu benetako euskal literatura idazteko dagoela, eta ez dugu aski baloratzen idatzia izan dena».

Oihenart, errate baterako, gutti baloratu dela azpimarratu zuen. Ekarpen handia egin arren, ez da oraindik tesi edo azterketa sakonik egin berari buruz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo