GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Zenbait urte barru

Urteak joan dira krisia hasi zenetik. Urteak, finantza zurrunbiloak baino ez zirela esan zigutenetik, krisia Europara ez zela iritsiko ziurtatu zutenetik, ekonomia errealean eraginik ez zuela izango iragarri zutenetik, denon artean aurre egin behar geniola jakinarazi zigutenetik, kimu berdeak agertu omen zirenetik. Eta urteak joan dira G-8, G-20 eta gainerako gangster gailurretan kapitalismoa birfundatu eta paradisu fiskalak deuseztatu egin behar zirela esan zutenetik. Gertatutakoa lotsagarria izan omen zen, jende askorentzat dramatikoa ere izango zen -ez eurentzat, ordea-, baina aurrerantzean gauzak hobeto egingo omen zituzten.

Lauzpabost urte joan dira eta gauzak «hobeto» egin izanaren balantzea irakurlearen ustearen ezin tankerakoagoa da. Azken kapitulua, Estatu espainolean, oraindik orain inbertsio publikoa zena (txantxa ez, iseka) hogeitaka mila miloiko zuloa da orain, herritarren poltsiko hustu arte txirotuek estali beharko dutena.

Baina dena ez da kasinoko zorrak jokatzen ez duenaren lepo ordaintzea. Ez horiek bakarrik ordaintzea, alegia. Herenegun, Carlos Divar Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goren espainoletako presidenteak, Espainiako erregearen antzera, «en un gesto que le honra», biziki deitoratu zuen diru publikoarekin ordaindu dituen hainbat bidaia eta oturuntzaren gaineko polemikak eragindako kaltea, nahiz eta ez zuen zertan azalpenik eman. Tira, azalpenik ez zuen bat ere eman, baina jendaurrera agertu zen eta, gainera, Botere Judizialak «gardentasun eta herstura plan bat» diseinatu duela jakinarazi zuen. Plan horren ondorioz, BJKNko batzordekide guztiek beren gastu guztiak justifikatu egin beharko dituzte, orain artean ez bezala. Izan ere, 1996tik indarrean dago BJKNren akordio bat, batzordekideak beren bidaietarako eta ordezkatze gastuetarako dirua zertan eta non erabiltzen duten azaldu eta justifikatzea saihesteko balio diena. Meritu handiko akordioa gero. Jakina, ezberdinen arteko elkarrizketak munduan justizia nagusi izateko ezinbesteko akordioak erdiestea ahalbidetzen baitu.

Lauzpabost urte barru, kapitalismoaren birfundazioaren zain jarraituko dugu, baina beharbada Estatu espainolean beste errege bat eta BJKNko beste presidente bat izango ditugu. Bitartean, Botere Judizialak munduan justizia nagusi izateko hainbat akordio ezinbesteko iritsiko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo