GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal herritarren eskaeraren araberako akordioa

Estatuetako botereek ezikusia egiten duten arren, edo ezikusia egiten dutela ikusarazi nahi duten arren, ukaezina da Euskal Herrira aro berria iritsi dela. Deitoragarria da egia hori onartu nahi ez dutenen jarrera, eta mingarriak, jarrera horren ondorioak. Hala eta guztiz ere, itxaropentsuak dira -eta aldi berean aro berri hori berresten dute- azken urteotan izandako hainbat ekimen eta adostasun. Horietako bat aro berriaren alde sendoen apustu egin dutenen indar metaketa da, eta metaketa hori herritarren zerbitzuko proiektu bihurtu izana. Azken erakusgarria joan den apirilaren 28an Irunen ezker abertzalea, EA, Aralar, AB eta Alternatibak sinatu zuten konpromiso estrategikoa izan zen. Estrategikoa eta, beraz, bakoitzaren interesen, alderdikerien gainetik dagoena, euskal herritarren eskaera ulertu izanaren eta hura asetzeko borondatearen ondorio. Atzo ezker abertzale, EA, Aralar eta Alternatibak, Irungo konpromisoaren jarraipen gisa, Hego Euskal Herriari dagokion akordio estrategikoa aurkeztu zuten, besteak beste, burujabetzaren defentsarako eta benetako aldaketa soziala eragiteko akordioa dela nabarmenduta. Hau da, gizarte bidezkoagoa eraikitzeko burujabetza. Errealitate eta abiadura desberdinak kontuan izanda, hauteskunde datek baldintzatuko ez duten akordioa. Hala eskatzen baitu herri honetako gehiengo sozialak eta, hortaz, haren sostengua izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo