GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizi!-k klima aldaketa eta trantsizio energetikoa bozen emaitzetan erabakikorrak izatea nahi du

p017_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Klima aldaketa eta trantsizio energetikoa, «ezinbesteko» gaiak, legegintza-hauteskundeen debatean erabakikorrak izatea erabaki du Bizi! mugimendu altermundialistak. «Gai garrantzitsuez ari gara, eta hautagaiek gai horietan dituzten iritzien arabera bozkatzera deituko ditugu herritarrak», adierazi dute mugimenduko kideek.

Horretarako, hiru hauteskunde-barrutietan aurkezten diren 37 hautagaiei 25 galderaz osaturiko galdeketa helarazi diete. Trantsizio energetiko eta klima aldaketaren borrokaren arloan, hautagaiei hainbat proposamen konkretu zehazteko eskatu diete bertan. Atzo, duela hilabete bat bidalitako galdeketa horren lehenengo emaitza plazaratu zuen Bizi!-k. 37 hautagaietatik hamahiruk erantzuna emana dutela azaldu zuen: Alderdi Sozialistako hautagai batzuk, Europe Ecologie, EHBai, NPA eta independenteak. Galdeketa betetzeko ekainaren 5a muga-eguna finkatua zutela-eta, UMP, Centre pour la France, Alderdi Sozialista eta Front de Gaucheko beste hamar hautagaiek ordurako proposamenak emanen dituztela jakinarazi diete.

Bizi!-k argi utzi zuen hautagaien erantzunak ez direla soilik paperean geratuko, eta ekainaren 5etik goiti proposamen guztiak publiko zabal bati helarazteko baliabideak jarriko dituztela ohartarazi zuten. Mugimenduaren baitan, ebaluaketa batzorde bat finkatua izan da jadanik. Batzordea ekainaren 6an bilduko da, eta hautagaiek emandako erantzun guztiak sailkatuko ditu.

Bizi!-k sailkapen taula kaleratuko du berehala, eta handizki zabalduko, komunikabideak, helbide elektronikoak, sare sozialak, afixak nahiz mugimenduaren webgunea baliatuz. «Gai horiez ari garelarik gu eta gure haurren etorkizunaz ari gara, beraz, guretako egungo gizartean zentralak dira», azpimarratu zuten. Soilik barne sarearen bidez, mila lagun ukitzeko aukera zutela jakinarazi zuten.

Aitzineko hedatze lan horrek ekainaren 10eko lehen itzuli eta 17ko bigarren itzuliaren artean jarraituko du, oraindik kanpainan jarraituko duten hautagaiekin.

Rioko gailurra

Ekainaren 15etik 23ra, Rio de Janeiron, RIO+20 eta justizia sozialaren eta ingurumenaren populuen gailurra iraganen da. Bizi!-ren ordezkaritza bat ELA sindikatuko ordezkaritzarekin batera Rion izanen da Populuen Gailurrean parte hartzeko.

Hitzordu hori prestatzeko ekimenak finkatuak dituzte aurretik. Ekainaren 5eko Nazioarteko Ingurumenaren Egunean, eta Rio+20ren karietara mobilizatzeko deiari erantzunez, bi hitzaldi eta elkarretaratze bat antolatuak dira Bilbon eta Baionan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo