GARA > Idatzia > Kultura

Ipar Euskal Herrian egoera nola aldatu den azaldu du Itxaro Bordak «Boga Boga» nobelan

Amaia Ezpeldoi detektibearen bosgarren abentura asmatu du Itxaro Bordak. Ikerketarekin batera, 30 urteotan Ipar Euskal Herriko egoera politiko eta kulturala nola aldatu den agertu nahi izan du.

p050_f05.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Bakean utzi arte», «Bizi nizano munduan», «Amorezko pena baño» eta «Jalgi hadi plazara»-ren segida da «Boga boga», Susa argitaletxearekin kaleratutako Amaia Ezpeldoiren bosgarren abentura. Oraingoan, Lapurdiko kostaldean ibiliko da detektibe famatua ikerketa bitxi bat argitzen. Itxaro Bordak aurkezpenean aitortu zuenez, pertsonaia hau aktibatzen duenean, kezka bat, galdera bat izaten du lurrari buruz, eta 150 orrialde inguru behar izaten ditu ihardespena aurkitzeko, aurkitzen badu. Kasu honetan aurkitu du, eta «Euskal Herrian gutxitan gertatzen dena», ongi bukatzen da istorioa.

Adierazi zuenez, plazer handia da berarentzat Amaia Ezpeldoi aktibatzea, «sinbolikoa delako gure artean, baita Euskal Herritik kanpo irakurtzen dutenentzat ere» (katalanez eta frantsesez ere baditu argitaratuak Amaiaren ipuin batzuk). Amaiaren bidez, Euskal Herriaren «gainean, edo azpian» idazteko hautua egiten du, eta gogoetatu egiten du indibidualki eta kolektiboki gertatzen zaionaz. Bidenabar, literaturara ekartzen ez diren gaiak sartzeko aprobetxatzen du; Mauleko lantegi baten itxiera eta manifestazioa aipatzen ditu, adibidez.

Baionako Aviron eta Biarritzeko Olympique errugbi taldeen arteko derbi batean hasten da istorioa, hagitz bero. Amaia partida ikusten ari dela, gizon bat hurbiltzen zaio orain dela hogeita bost urte arreba desagertu zitzaiola erranez. Jana Elgebeltz donibanegaraztarra Santizpiritu zubian ikusi zuten azkenekoz, 1985eko Baionako bestetan. Janaren anaia Danielek kontatzen dio leku guztietan bilatu duela, mundu osoa aspertu duela galdezka eta ez duela aztarnarik kausitu. Ezpeldoik aferaren muinera hurbiltzea lortuko du, bost neska alairen laguntzaz, eta Jana nor zen deskubrituko du. Bost neska hauetako bat komisarioa da Baionan, eta Amaiak nekez onartuko du 30 urteotan gorrotatu duen frantses polizia batez maitemindu dela.

Baionako idazleak jakinarazi zuenez, nobela bertan kokatu arren, kanpoan idatzi zuen, Wiesbadengo Villa Clementine egoitzan, Akitania eta Hesse eskualdeek bi hilabeterako opari utzi zioten gelan. Euskal Herritik kanpo idazteak irudimena ohikoa baino gehiago akuilatu edo ziztatu zion, eta buruan zituen irudietatik abiatuta idatzi zituen paisaia gehienak, hemengo musika lagun. Gaineratu zuenez, Amaiaren sailean lehenengoz agertzen da Donostia, eta gustura gelditu da horrekin.

Gibeleko galderak

Ipar Euskal Herriaren egoera politikoa eta kulturala azken 30 urteetan nola aldatu den azaldu nahi izan du Itxaro Bordak. «ETAk bakea iragarri duelarik, gure gizartean zer gertatzen den, noraino joan garen gure gauzetan eta zer bilakatu garen; hori da atzealdeko galderetako bat».

Atal bakoitzean musika talde bat edo kantu bat azaltzen da -«hurrengoan, soinu bandarekin aterako dut liburua», erran zuen-, eta izenburuak Delirium Tremensen «Boga boga» minbera du aitzaki. Beste modu bat posible dela erakutsi nahi izan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo