GARA > Idatzia > Kultura

Kalakan taldearen eskutik ekin dio Madonnak Tel Aviven munduko birari

p055_f03_97x76.jpg

GARA | BAIONA

Sarrera guztiak salduak ziren ostegun gauean Madonnak Tel Aviven hasi zuen munduko birako lehen kontzerturako. Kalakan talde euskaldunak lagunduta egingo du kantari ezagunak MDNA Tour munduko bira. «Oso harrera ona izan genuen. Musikari batzuen iritziz, jendea eszenatokira so zen ia harrituta, usaian dantzari ari dira», esan zuen atzo Kalakaneko kide Thierry Biscaryk Euskal Irratietan eskaini zuen elkarrizketan.

Maia Muruagaren mikrofonoan Madonnaren ikusgarri berria horrela definitu zuen taldeko kideak: «Muntaketaren berezitasuna da ez dela pop edo rock kontzertu bat, baina zinez ikusgarri bat da. Opera bat bezala emana da, anitz irudi eta dantza badira, dena kontzentratua bi orenez». Ikusleriari buruz gehitu zuen: «Denak guri beha ziren, bazen meza itxura bat».

Madonna eta bere taldeari buruz, Euskal Herriarekiko erakutsi duten interesa eta errespetua nabarmendu zuen Biscaryk: «Mundu honetan kolaboratzaile anitz dira eta aldi oro haiekin lagun bezala ari gara, denbora hartuz. Denek galdetzen digute gure kultura nolakoa den eta gure musika nondik heldu den. Eskatu digute esplikatzea zein den gure jatorria eta oinarrizko gauzak. Oso kontent gara errespetu handia erakutsi digutelako».

«Galde egin genuen ea Donostian egiten ahal genuen kontzertu bat, baina ez dugu erantzunik izan», onartu zuen Biscaryk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo