GARA > Idatzia > Kultura

«Tori zaharra, ekarri berria», tradizioari keinu egiten dion ipuin umoretsua

M. I. | DONOSTIA

Joxean Urbietak agertu zuenez, «Tori zaharra, ekarri berria» ipuina kontatzen hasi orduko bereganatzen du umeen arreta. Mattin protagonistari lehendabiziko hortza erori zaiola azaltzen hasterako, adi-adi izaten ditu neska-mutikoak, denei gertatzen zaien kontua delako. Elkarrek kaleratu du irakurle hasiberriei zuzendutako lan hau, Urbietaren testuekin eta Igor Ramosen marrazkiekin. Antxiñe Mendizabal editoreak definitu zuenez, «oso ipuin xaloa eta umoretsua da, euskal tradizioari keinu bat egiten diona». Baserriaren eta kalearen arteko kontrastea ere erakusten du.

Igor Ramos zamudiotarrak adierazi zuenez, anitz gustatu zaio ipuina, bereziki San Joan suan hortzarekin egiten den konjurua, «Tori zaharra, ekarri berria» hitz magikoak erranez. Ibai Aizpuruak koloreztatu ditu bere marrazkiak.

Lehiaketa

Iragarri zutenez, Elkarren laugarren ilustrazio eta ipuin lehiaketako sariak emanen dituzte gaur Donostiako liburu-dendan. Haurrek bi ariketa egin behar zituzten: Joxean Urbietaren ipuinarentzako marrazkiak egin eta Eider Eibarren ilustrazioentzat ipuin bat asmatu. Pozarren daude antolatzaileak, gero eta harrera hobea duelako txapelketak eta harrituta gelditu direlako aurten ere lanen kalitatearekin, bereziki txikienek egindakoekin. Sariak Euskal Herri osoan banatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo