GARA > Idatzia > Euskal Herria

Galdakaoko Gazte Asanbladak Ortuondo proiektua aurkeztu du

GARA | GALDAKAO

Joan den astean Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek herriaren erdian utzita zegoen eraikin bat okupatu zuten eta atzo Ortuondo proiektua aurkeztu zuten.

Okupatutako eraikinean, gaztetxea bakarrik ez, etxebizitzak eta ortuak ere egongo dira. Hala, azaldu zutenaren arabera, hiru elementu hauekin Ortuondo proiektuak honako helburuak ditu: ortu herrikoiarekin, lurra zementuz estali ordez samurtasunez landuz gero, gizakia bere burua elikatzeko gai dela erakustea. Inguruko etxebizitza okupatuekin, berriz, etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatu nahi dute.

Azkenik, gaztetxearekin honakoa aldarrikatu nahi dute Gazte Asanbladako kideek: batetik, gazteriak gizartean duen garrantzia plazaratzea, eta bestetik, autogestioaren eredua aldarrikatzea. «Okupazio honen bidez Galdakaoko gazteok autogestioan sinisten dugula eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugula berretsi nahi dugu», adierazi zuten atzoko ekitaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo