GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Kukutzarekiko nazioarteko elkartasuna kriminalizatu nahi dute epaiketa honekin»

Bi gazte alemaniarren kontrako epaiketa gaur hasiko da, Kukutza gaztetxea utzaraztean izandako istiluetan ustez bi kontainer erretzeagatik. Elkartasuna adierazi zieten atzo zenbait eragile sozial eta politikok, elkartasun internazionalista «kriminalizatzen» ari direla salatuz.

Mikel PASTOR | BILBO

Kukutza gaztetxeko eta beste zenbait eragile sozial eta politikoetako kideek elkartasuna adierazi zieten, atzo, irailean eraikina hustu ostean izandako istiluen harira gaur epaituko dituzten bi gazte alemaniarrei, errugabeak direla aldarrikatuz eta horien absoluzioa eskatuz.

Martin Dolzer Heidrum Dittrich parlamentari alemaniarraren aholkulariak, eta Katharina Gamm eta Carlos Alonso abokatuek atxiloketaren inguruko irregulartasunak azpimarratu zituzten, eta bi gazteen oinarrizko eskubideak «urratu» zirela nabarmendu.

Fiskalak hiru urte eta erdiko zigorra eskatzen ditu bi akusatuentzat, ustez kontainer bat irauli eta su emateagatik. Abokatuek euren defendatuen errugabetasuna aldarrikatu zuten, Ertzaintzak «akusazio guztiak asmatu» egin dituela salatuz.

Ez zen hori izan salaketa bakarra. Abokatuen ustez, «oinarrizko zenbait eskubide urratuak izan ziren, bai atxiloketetan zein ondorengo erabakietan»; hala nola «itzultzailea ukatzea, eta beraz, defentsarako aukera ukatzea», eta «hamaika egun kartzelatuta edukitzea, beste atxilotu guztiek egun bakarra eman zuten bitartean».

Martin Dolzer oso kritiko agertu zen epaiketa honekin, «inolaz ere ez delako beharrezkoa», eta bere hitzetan, «Kukutzaren aldeko nazioarteko elkartasun mugimendu zabala zigortu nahi dute».

Telefono zenbakiak besoetan

Katharina Gamm abokatua ildo berean mintzatu zen: «Oso eztabaidagarriak diren argudioak erabili dituzte bi akusatuen kontra, esaterako, abokatuen telefonoa besoetan marraztua izatea». Gammen ustez, halakoak «normalak» dira, «are gehiago kontuan izanda beste herrialde batean daudela, eta edozein arazo izanez gero, telefono bat behar dutela deitu ahal izateko».

Prentsaurrekoa beste abokatu batek itxi zuen, Carlos Alonsok, alegia. «Ez da Kukutzaren desalojoaren inguruan egiten den lehen epaiketa, baina bai garrantzitsuenetakoa, inflexio puntu bat izan daitekeelako», adierazi zuen. Alonsok Hanburgo eta Bremengo gazteen errugabetasuna defendatu zuen, arratsaldeko seietan, kontainerrak ustez irauli eta erre ziren orduan, alegia, «bi gazteak ez zirelako ez Errekalden, ez Bilbon», eta hortaz, «guztiz ezinezkoa da nolabaiteko ardura izatea istilu horietan».

Alemaniar solidarioekin «diskriminalizazio judiziala» egon zela salatu zuen, «beste atxilotu guztiak baino egun gehiago eman zituztelako bai ziegetan bai Basauriko espetxean.

Kukutzako istiluengatik beste zenbait epaitu izango dira, bai asteazkenean gertatutako istiluengatik (8 pertsona), bai ostiralekoengatik (20), bai gaztetxe barruan babestu ziren gazteen kontra ere (30 inguru).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo