GARA > Idatzia > Kultura

«Altzoko Haundia» opera aurkeztu dute, txikiekin eta txikientzat egina

David Azurzaren musika eta Koldo Izagirreren hitzak ditu «Altzoko Haundia» txikien operak. Txikiena, haurrentzat delako, eta baita haurrek parte hartu dutelako ere, aurten 25 urte betetzen dituen Tolosako Hodei Truk abesbatzako neska-mutikoek zehazki. Diskoa aurkeztu dute, eta txotxongiloekin egindako ikuskizuna iragarri 2013rako.

p045_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Haur bat hezurretako minez ohean, hazi eta hazi. Horrelaxe sortu zen Miel Joakin, Altzoko Erraldoia. SutaFu pirata, munduan Haundi bat dagoela entzunda, Altzon ageri da. Kontratu bat sinarazi nahi dio Haundiari, munduan barrena exhibiziotan ibiltzeko». Hala hasten da «Altzoko Haundia» operaren sinopsia. Miel Joakin Madrilera joaten da lehenik, Maria Kristina Espainiako erregina bisitatzera, Frantziako Louis Philippe erregea ere ezagutuko du, eta Mery, Ingalaterrako Haundia.

«Noizbait, Altzon azaldu da berriz aspaldiko lagunengana: Nolakoa da mundua? Itsasoa ikusi al duk? Eta orain zer? Saskiak egin eta bakean bizi... Haundia, oso nekaturik, oheratu egingo da, eta apurka, txikitzen hasiko da, haur bihurtzeraino. Kanpai danga triste batzuk entzuten ditu SutaFu piratak. Zer ote da? Nola? Altzoko Haundia hil dela! Baina altzotarrak datoz: Joan zen baina hemen dabil/ Miel Joakin ez da hil/ Miel Joakin hemen da/ hormako arrastoan/ Haundia bizi baita/ txiki denen altzoan!».

Koldo Izagirrek Altzoko Haundiari buruzko ohar batzuk zituen bilduta, eta David Azurzaren antzerki obra bat idazteko eskaerak zabalarazi zion kaxoi batean lotan zegoen karpeta. «Eskaleta batekin etorri zitzaidan -oroitu zuen Izagirrek-. Eta ez neukan ihesbiderik. Idatzi behar izan nuen. Entregatu nion eta pixkanaka, antzerki obra zena opera bihurtu zen».

Adierazi zuenez, berarentzat sari handia eta ezuste handia ere izan da opera hau. Beti harrituta gelditzen da musikariek egiten dituzten «gauza zoragarriekin», eta dagoeneko berak idatzi zuena ez du bere sentitzen. «Transformazio bat egon da tartean. Musikariek lan artistiko bihurtu dute hitza».

Zer da handitasuna?

Hainbat genero landu dituen idazleak azaldu zuenez, anitz idatzi da Altzoko Handiari buruz, era etnografikoan eta dibulgatiboan. «Oso pertsona ona zen, sona handikoa, baina harrigarria da nola bere figura ez den baliatu folklorean, kantuan eta literaturan, erraldoien figurak aukera handiak ematen dituelako». Miel Joakinek badu, beraz, Izagirreren arabera, garatu beharreko alderdi bat, eta obra honek bultzada txiki bat ematea nahi du.

Gaineratu zuenez, erraldoiak indar sinbolikoa du, eta galdera bat sortzen du: zer da handitasuna? Handitasuna, txikitasuna, umorea... Hori azaltzen da disko honetan, dena kantuan. Atzo aurkeztu zioten lana bere publikoari, hau da, haurrei, Altzon bertan. Eta «suzko froga» izan zen David Azurzarentzat, azaldu zuenez, zatika-zatika osatu baitute diskoa eta Fredi Pelaez soinu arduradunak eta biek soilik entzuna zutelako osorik. Altzoko udaletxean ere egin zuten bertze aurkezpen bat atzo arratsaldean, herritarrentzat, eta gaur Tolosan erakustekoak dira. Blog batean (altzokohaundiaopera.blogspot.com helbidean) dago informazio guztia.

25 urte betetzen dituen Hodei Truk Tolosako abesbatzako neska-mutilez gain, bertze interprete ugari dago: Jagoba Fadrique da protagonista, berak egiten baitu Altzoko Haundiaren papera, eta Maite Arruabarrenak, Anjel Alkainek, Leire Alargunsorok, Koldo Izagirrek eta David Azurzak ere parte hartzen dute, bertzeak bertze. Musika, aldiz, Miren Zeberio, Jone Rezola, Luis San Sebastian, Aitor Furundarena eta Iraide Ansorenak jotzen dute, David Azurzak zuzenduta. Azurzak erran zuenez, Izagirreren moldaketarekin, «oso atsegina, alaia eta bizia» bihurtu da Altzoko Handiaren istorioa. Are biziagoa bilakatuko da heldu den urtean, Tolosa-Donostia 2016 proiektuan, Topic zentroko txotxongiloekin batera ikuskizuna egiten dutenean. Ana Arretxe Tolosako Ekinbide Etxeko presidenteak agertu zuenez, antzerkia eta txotxongiloak Manuel Markez mexikarrak zuzentzea nahi dute.

DONOSTIA 2016

Joan den astean jakin genuenez, Tolosan eta Donostian eginen da 2016an Unimaren nazioarteko txotxongiloen jaialdia eta kongresua, eta horren barrenean sartu dute Altzoko Haundiari buruzko proiektua. Diskoaz gain, ikuskizuna egin nahi dute txotxongiloekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo