GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gasteiztarren ahotsaren eta erabakiaren alde

Gasteizko autobus geltokiaren kokalekua eztabaida eta polemika iturri izan da aspalditik. Aurreko udal gobernuak Arriagako parkean eraiki nahi zuen, eta proiektuak aurrera ateratzeko adinako sostengua zuen, baina herritar askok ez zuten begi onez ikusten. Joan den urteko hauteskundeen ondoren, eta azken urteotako salbuespen egoera gaindituta, beste gehiengo batzuk osatu ziren Udalean. Bilduko zinegotziek, beren apustua gasteiztarrek erabakitzea zela azaldu eta geltokiaren kokalekuaren gaineko kontsulta proposatu zuten, eta herenegun, Udaleko oposizioko taldeek egin zuten bilkuraren ondoren, Bilduren proposamenak EAJren eta PSEren sostengua duela jakinarazi zuten eta, beraz, datorren asteleheneko Udalbatzak eztabaidatu eta, denek hitzari eusten badiote, onartu egingo du kontsulta.

Txalotzekoa da herritarrek beren bizimoduari eragiten dion kontu eztabaidagarrien gainean erabakitzeko aukera zabaltzea, areago horrelako ariketa demokratikoak egiteko ohiturarik ez dagoen leku batean. Eta Gasteizko kontsulta, haren emaitza edozein dela ere, onuragarria izango da denak irabazian aterako direlako: herritarrak eta demokrazia. Ez da faltako hautetsien papera zein den galdetzen duenik, eta laster izango du erantzuna, Gasteizko zinegotziek herri kontsulta ahalbidetzen badute: herritarren interesak eta, beraz, demokrazia bera defendatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo