GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Eskalada | Jarduerak

Yosemiteko paretak erronka erakargarrien jomugan izan dira

Alex Honnoldek Kapitain, Half Dome eta Mt. Watkins bakarka igo ditu 19 ordu baino gutxiagoan. Bien bitartean, Nik Berry-k «The prophet» bidearen (500, 5.13d, Kapitain) hirugarren igoera egin du.

p049_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Yosemite bailarako paretek zein bideek ez dute denbora asko pasatzen protagonista izan gabe. Eskalatzaileek hango murruetan egundoko «erakusleihoa» dute, eta baten batzuek bederen, aprobetxatzen dute zuku guztia ateratzeko.

Horietako bat Alex Honnold dugu. Eskalatzaile bikaina eta bakarkako jardueretan espezialista fina. Bada, duela hiru aste, maiatzaren 18an, Tommy Caldwellekin batera sinatutakoa bakarka errepikatu du estatubatuarrak. Gogora dezagun, sokada horrek Kapitain, Mt. Watkins eta Half Dome era askean igo zituela. Beste era batera esanda, Yosemiteko «Triple Crown» ekimena estilo librean. 70 luze guztira, 21 ordu eta 21 minututan.

Eskalatzaile estatubatuarraren azken helburu horrek aldaketa pare bat izan ditu. Bai, hiru murru horiek igo ditu, baina ez bide beretik, eta eskalada guztia librean egin gabe.

Ekainaren 5ean ekin zion erronkari. Kapitainen, «Free rider» bidearen (7c+) ordez, «The Nose» marra (8b+) eskalatu zuen. Hori bai, gauez, soilik sei ordutan eta tarte batzuk artifizialean. Half Domen «Regular» igo zuen, eta bere aurreko errekorra ondu egin zuen: 2 ordu eta 50 minututik ordubete eta 22 minutura pasa du. Eskalada horretarako 6 friend eta 2 daisy chains soilik eraman zituen. Eta Watkins-erako 2 ordu eta 20 minutu. Guztira, 18 orduko jarduna.

Honnoldek, ohi den bezala, ez du azalpen askorik eman: «Soilik aipatu behar dut eroriko bat izan banu ziur aski hilko nintzatekeela. Bakarka eskalatu dut, eta era askean %95. Zati zailenetan baino ez dut erabili materiala. Seigarren graduaren inguruan 2.000 metro eskalatu dut era askean».

Hirugarrena

Bigarren protagonista Nik Berry dugu. Orain dela gutxira arte, batez ere ingurumari honetan, ez da oso ezaguna izan. Baina azken hilabeteotan egin dituen eskaladek lehen lerrora eraman dute. Azkena, Kapitain murruan dagoen «The prophet» bidea (5.13d, 500 m) izan da. Marra oso gogor eta arriskutsua. Leo Houldingen proiektua izan zen, eta hamar urte behar izan zituen marra hori guztiz era librean eskalatzeko. 2010. urtean izan zen. Handik urtebetera, Sonnie Trotter kanadarrak bigarren igoera sinatu zuen. Eta duela egun gutxi batzuk iritsi da hirugarrena.

Hirugarren igoera izateko, aipatu behar da Berryk oso azkar poltsikoratu duela. Antza denez, estatubatuarrak eskalada ia osoa lehen saioan egin zuen. Eta hori «The prophet» bezalako bide baten, adierazgarria da. Hori bai, Houldingek eta Trotterrek ez bezala, Berryk aldaera bat egin zuen «A1 Beauty» izeneko luzean; hots, marraren giltzan. Eskalatzaile horrek bloke gogorrera heltzeko egin behar zuen dinamikoak buruhausteak eman zizkion. Dinamikoaren ordez, bestelako mugimendu batzuk egin zituen.

yosemite

Alex Honnoldek Kapitain, Mt. Watkins eta Half Dome bakarka igo ditu 18 ordutan. Bitartean, Nik Berryk Kapitaineko «The prophet» bide gogorraren bigarren errepikapena sinatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo