GARA > Idatzia > Kultura

Gotzon Elortza, euskarari etorkizuna grabatu zion zinemagilea, zendu da

50eko hamarkadaren bukaeran Parisen erbesteraturik zegoela, Gotzon Elortza bilbotarrak egunkari batean irakurri zuen ikus-entzunezkoetan azaldu ezean, hizkuntza gutxituek ez zutela etorkizunik izango. Ezkutuan, poliziatik ihesi, Euskal Herrira bi edo hiru egunetako bidaia motzak egin zituen hiru dokumental filmatzeko. Euskaraz eginiko zinemaren aitzindaria atzo hil zen Getxon, 88 urterekin. Hileta gaur izango da, 20.00etan, Getxoko Erredentore elizan.

p045_f01.jpg

A.E. | DONOSTIA

«Ereagatik Matxitxakora» (1959), «Aberria» (Erria, 1961) eta «Elburua Gernika» (1962), euskaraz filmatutako lehen dokumentalak, Gotzon Elortzaren ausardiari esker sortu ziren. Delineatzailea lanbidez, zinema zuen zaletasun -16 milimetroko kamera zuen- eta argazkilaritza ere bai. Garai hartan Parisen zegoen erbesteraturik emaztearekin, Bisi Unanuerekin, eta berak laguntzen zion bere «zorakerietan». Egia esan, familia osoa zegoen tartean, semea ere agertzen baita «Herria» filmean, iturritik ura ekartzen.

2010ean Gaur 8n argitaratutako elkarrizketa batean, abentura hori nola gauzatu zuen kontatu zuen: egun bat Parisetik etortzen ematen zuen, beste bi-hiru grabatzen, eta azkenekoan ospa egiten zuen Frantziako hiriburura. Han, etxeko sukaldean egiten zituen muntaia guztiak, ahotsa jartzen zion, disko-jogailu batekin musika sartu... «Film hauek orduan egin ziren, egiteko ordua zelako -adierazi zigun orduan-. Garrantzia daukate, bai. Batez ere zer egoeratan egin ziren ulertzea da garrantzitsua. Zer egoera zegoen jakitea. Interesgarria da gaurko herriari hitzaldiak ematea, elkarrizketak egitea, nola egin ziren azaltzeko».

Ikuspegi orokorra

«Euskal Herriaren ikuspegi orokor bat (Bizkaikoa, batez ere) erakutsi nahi izan zuen Elortzak haren filmetan», argitu zuten atzo Ion Lopezek eta Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendari kontserbatzailea eta zuzendari orokorra, hurrenez hurren. Gotzon Elortzaren hiru filmak zaharberritu zituen iaz Filmategiak, eta Zinemaldian ikusi ahal izan ziren. «Principe zinemetan egin zen aurkezpenaren ondoren ikusleen txaloak jaso zituenean, eskuak elkartu, buru gainetik jaso, eta hunkituta agurtu zuen. Gotzonen lanaren aitorpenak iraun zituen segundo haietan, gure historia tristearen hamarkada asko bateratu ziren. Begi biziak eta itxura luzexka zuen gizon hark abian jarri zuen ekimen xume baina ausartak gure zinemaren handienen artean kokatu du betiko», adierazi zuten Filmategiko arduradunek komunikabideetara bidalitako gutun hunkigarri batean.

1960 inguruko frankismo garaiko lekukotasuna dira Bilboko Olabeaga auzoan sortutako gizon honek grabatutako zintak. «Ereagatik Matxitxakora» izenekoan, Ereagako hondartzatik Matxitxakora ibilbide bat egiten du kosta guztitik; gida turistiko baten parekoa da azkenean. «Aberria» lanean -hasieran «Herria» titulua jarri zion- beretzat herria zer den agertzen du: batez ere euskararekin lotuta dagoena, aiton-amonengandik jasotakoa, herri nekazaria imajinatzen du...

«Elburua Gernika» lana Bermeotik Gernikarako bidaia da, beste ibilbide bat, aurrekoaren antzekoa. Bestalde, Gotzon Elortzak «Avignon» (1963) izeneko beste dokumental bat ere filmatu omen zuen, baina pelikula hura galdu egin omen zen nonbait.

JAKITURIA

«Filmek erakusten dituzten ikuspegi ederrez gain, euskal kulturari buruzko jakituria ere erakutsi zuen», adierazi zuen Euskadiko Filmategiak. «Aberria» (1961) filmean Balentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariak eta Victor Olaeta dantzaria azaltzen dira, garai hartako euskal kulturaren erakusle ziren zenbait artista.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo