GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errepideak modu «justuan» ordainaraztea proposatu du Gipuzkoako Aldundiak

Gehiago bildu bai, baina modu orekatuagoan egin behar dela ondorioztatu du Gipuzkoako Aldundiak errepideen finantziazioari buruz egindako txostenean. Atzo goizean egin zuen aurkezpena, eta arratsaldean, PPk, EAJk eta PSEk atzera bota zuten, eta berria egiteko eskatu.

p019_f04.jpg

GARA |

«Gipuzkoarrentzat sistema justuagoa bat» ezartzea helburu izanik, Foru Aldundiak errepideen finantziazioari buruzko irizpideak biltzen dituen oinarrizko txostena aurkeztu zuen atzo, Donostian. Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu den Larraitz Ugartek adierazi zuenez, berdintasun hori eskuratze aldera errepide sare nagusian, hau da, transeuroparra deritzon horretan, ordaintzeko sistema ezartzea proposatu du. Hau da, A-15, GI-632 eta N-I errepideetan.

Hala ere, ez Ugartek, ez departamentuko zuzendari den Josena Altubek ez zuten «bidesari» hitza aipatu, ezinbestean hau ez baita izango ezarriko den sistema. «Ordainketa neurriak jarri behar dira eta erabiltzaile guztiei ezarri behar zaizkie -jarraitu zuten-, herrialdearen aukera teknikoak kontuan hartuz eta dagokion foru arauaren prozedura abiaraziz».

Halaber, guztiz baztertu dute Andoainen ordainlekua jartzeko aukera. Batetik, «fisikoki ezinezkoa» delako, eta bestetik «lurraldeko oreka bilatzen bada», neurri honek ez lukeelako helburu horretan lagunduko. «Bidesari honek ez luke, beraz, inongo zentzurik edukiko», berretsi zuen Altubek.

Diputatuak erantsi zuenez, beste ezaugarri batzuk -deskontuak zein kasutan egingo diren, adibidez-, proposamen teknikoan azalduko dira. Dokumentu hau aste gutxiren buruan emango dute jakitera.

Bestetik, zehaztu zuen ordaintzeko neurriak 2013. urtearen amaieran edo 2014. urtearen hasieran ezar litezkeela. Edozein kasutan, 2015. urtea baino lehenago sartuko lirateke indarrean, hau da, legealdia amaitu baino lehen. «Ez dugu presa handirik eduki behar, egoera delikatua da eta horregatik urratsak ondo pentsatu behar dira eta adostasunak lortuta eman behar dira», esan zuen Ugartek.

«Egoera delikatua», besteak beste, gaur egungo «defizit historikoaren» ondorioz dela onartu zuen, «asko inbertitu zelako obra berrietan eta gutxi mantentze lanetan». Puntu honetan, errepide batzuk oso egoera txarrean edo zaharkituak daudela salatu zuten, besteak beste, G-20 errepidea. Errepideek urtean 135 milioi euroko kostua dutela gogorarazi ostean, «beharrei erantzun ahal izateko gehiago biltzea beharrezkoa» dela erantsi zuen.

Jasoko litzatekeen diruak Bidegiren 900 milioi euroko zorra pixkana orekatzeko ere balioko du. Hein horretan, Ugartek kritikatu egin zuen lehengo astean PSEk eta EAJk Aldundiak udaran bidesariak igotzeko egin zuen proposamen atzera bota izana. Hiru hilabetez indarrean egongo litzatekeen neurri honekin 1,5 eta 2 milioi euro bitartean bil zitezkeelako.

PP, PSE eta EAJ, aurka

Aurkeztutako proposamena Aldundiak egindakoa da, alderdi guztiek hala adostu zutelako honetan lanean jarri zirenean. Prozeduraren arabera, txosten honetatik abiatzea zen asmoa, alderdi bakoitzak bere zuzenketak aurkeztu eta Batzar Nagusietako eztabaidaren bidez adostasunak eskuratzeko. Ugartek goizean adostasuna lortzeko «itxaropentsu» zegoela esan zuen, baina ordu batzuk beranduago, 16.30ean, EAJren, PSEren eta PPren botoekin atzera bota zuten bilera batean.

PSEk deitutako hitzordura -alderdi honek baitu talde txostengilean presidentetza, eta beraz horretarako eskumena dauka- Aldundia ez zuen gonbidatu. Hala, Bilduren batzarkideen ahotik izan zuen erabakiaren berri. Larraitz Ugartek «oposizioa suntsitzailea» dela adierazi zuen, eta bai EAJri, bai PSEri proposamenak egin ditzatela eskatu zien, Aralarrek eta PPk egin dituztela erantsita.

Zuzenketak egiteko epea atzo amaitu zen, 12.00etan, eta horregatik, hau bukatu ostean oinarrizko txostena berridazteko eskatzea, Aldundiaren iritziz, «lotsagarria da». Hain zuzen, Aldundiak GARAri baieztatu zionez, ez du beste txosten bat egingo eta atzo aurkeztutakoa mantenduko du. «Gipuzkoarrei emango diegu hartuko ditugun neurri zehatzen berri», aurreratu zuen dagoeneko Ugartek.

ardura politikoa

Aralarrek proiektu estrategikoak geldiarazi nahi izatea leporatu zien EAJri, PPri eta PSEri. «Arduraz joka dezatela eskatzen diegu, eta ez jartzea oztopoak herritarren arazoentzako konponbideei».

gehiegikeriarik ez

«Gipuzkoarrok ezin dugu gure errepideen kostua geuk bakarrik ordaindu, baina finantziazio neurrietan parte hartu behar dugu, orain arteko diskriminazio eta abusurik gabe», esan zuen Aldundiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo