GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI | Idazlea

PuntuEus aurrera doa

 

ICANN erakundeak atzo kaleratu zuen domeinua eskatu duten erakundeen zerrenda eta bertan azaldu du zein erakundek bete dituen baldintzak aurrera segitzeko prozeduran. Zerrenda luzea, da, 53 orrikoa, eta proposatu diren 1.930 izen berrietatik bakar batzuek egin dute aurrera, horien artean .eus domeinuak, community atalean.

PuntuEus domeinuaren bultzatzaileak urtarriletik egon dira erabaki honen zain, tramitazio prozesuan egon baita eskaera, eta orain abendu-urtarrilera arte itxaron beharko da behin-behineko erabakia jasotzeko. Baliteke 2013rako .eus domeinua erabili ahal izatea.

Sustatuk jakinarazi duen informazioaren arabera, eskaerak lau multzotan bereizi dituzte: komunitate mailakoak (84 eskaera, .eus tartean), geografikoak (66 eskaera), karaktere ez latindarrekoek (116 eskaera) eta gainontzeko guztiak (53 orriak bete arte) komertzialak edo antzekoak dira.

Gaurtik aurrera zabalduko den fasean ICANNekoek aztertuko dituzte eskatzaileen zilegitasuna, interesa eta baliabideak, bermatu behar baitute, besteak beste, eskatzaileek eutsi ahal izango diotela urteroko kuotari, 25.000 dolar ingurukoa.

Pozgarria da ikustea beste community batzuek ere aurrera egin dutela, hala nola bretoiek (bzh), korsikarrek (.corsica), galegoek (.gal) eta eskoziarrek (.scot).

Nork esan zuen nazionalismoa iraganeko kontua dela? Nork ez du independentismo usaina hartzen airean? Hasteko, 2013tik aurrera, seguruen, gure helbide elektronikoetan, eta gure webguneetan ere, .eus sinatu ahal izango dugu. Izan bagarelako zantzu argia, baita ziberespazioan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo