GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Karmele Aierbe, Inazio Agirre | Ezker abertzaleko kideak

Euskararen erreparazioa

Euskararen erreparazioa funtsezko osagaia da gatazkaren konponbide integralerako, huts egin gabe konpondu beharreko osagai nagusietako bat, normalizazio politikoa eta bakea lortzeko

Paleolitoan, orain dela milaka urte asko, Lascauxtik Altamirara zabaldu zen haitzuloetako zibilizazio bakarra- ren garapen dinamikoaren baitan eta naturarekin harremanetan sortu zen euskal kultura.

Historiaurretik gaur arte, euskara sortu, eratu eta garatu dugu elkarrekin Pirinioen bi aldeetan. Eta euskara da, gaur, Europako hego-mendebaldean Paleolitotik irauten duen lekuko bizi bakarra; garai hartan euskarak inguruan zituen hizkuntza guztiak desagertu dira.

Duela 2.000 urte, Aturri eta Garona ibaien artean, euskal leinua bizi zen. Akitaniako hilarrietan aurkitu dira euskarazko lehen hitzak, latinezko hitzen artean: andere, bihox, cison, nescato, sembe edo umme. Handik aurrera, baskoien hizkuntza zaharra, euskara, latinarekin bizi izan zen urte asko; eta gero, baita latinetik sortu ziren erromantzeekin ere.

Orain dela 1.000 urteko testuek diote «(Nabarra) herriko hizkuntza naturala euskara dela»; «denbora hartako nafar erregeek euskara zerabiltela beren hizkuntza pertsonal eta natural bezala»; Antso VI.a Jakitunak 1167ko agiri batean lingua navarrorum deitzen dio euskarari. Hau da, «nafarren hizkuntza».

1545ean, Bernard Etxeparek, euskarazko lehenengo liburua, «Linguae Vasconum Primitiae» idatzi zuen Behe Nafarroan eta [1564 - 1567] Juan Perez de Lazarragak bere eskuizkribua Arabako lautadan, zeinetan «Euskal Herria» terminoa idatzirik agertzen den lehenengo aldiz: «anchinaco liburuetan/ çeñetan ditut eçautu/ eusquel erriau nola eben/ erregue batec pobladu».

Gaztelaren 1200eko eta 1512ko konkisten ostean, Behe Nafarroan independentziak jarraitu zuen 1620 arte. Eta Nafarroako Gorteek euskara bultzatu zuten: 1571n, Joannes Leizarragak Bibliaren euskarazko lehen itzulpena egin zuen, Nafarroako Erregina Joana III.a Albretekoaren aginduz. 1643an, Axularrek aditzera eman zuen euskararen hedadura: «Zeren anhitz moldez eta diferenteki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba herrian, eta bertze anhitz lekhutan». Axularrek eta Sarako eskolak euskal kulturaren loraldia ekarri zuten.

1843an, bi mende beranduago, Victor Hugo idazle frantziarrak Euskal Herrira egin zuen bidaian, Nafarroako eskualde zabalak bisitatu zituen. Euskaraz bizi direla dio eta euskararenganako maitasun suharra aipatzen du. «Espainiera hemen hizkuntza arrotza da, frantsesa bezalaxe».

1492an, Nebrijak aholkatzen dio Isabel II.ari: «Siempre la lengua fue compañera del imperio». Espainiaren espantsionismoa hasten da, Ameriketan, Filipinetan, Europan eta Euskal Herrian espainiera indarrez inposatzen eta jatorrizko hizkuntza guztiak itotzen dituzte. 1759an, Karlos III.ak agindu zuen «se extinguen los demás idiomas como está mandado». 1857an, derrigorrezko eskola ezartzen dute espainiera hutsez Euskal Herrian.

1939-1978 bitartean, frankismoak euskara debekatu zuen.

1539an, frantsesa inposatu zuten bizitza ofizialean. 1793an, frantsesez «hitz egitera, irakurtzera eta idaztera» behartu zuten, eta 1789ko iraultzaz geroztik frantsesa da estatuko hizkuntza ofizial bakarra eta Frantziako espantsionismoa ere nabarmena da Afrikan eta Amerikan. Eta Konstituzio frantziarrean egin berri dituzten aldaketak, hutsalak dira euskararentzat.

Euskaldunok historian zehar burujabeak izan gara. Nafar estatua izan da gure subjektu politikoa. Euskaldunok nafarrak gara politikoki eta Nafarroa euskalduna da kulturalki, baina Espainia eta Frantzia nazio-estatu gisa egituratzeko prozesuen biktimak gara. Egungo Hego Euskal Herria Nafarroako Estatuaren lurralde zen, baina 1.200 urtean, Gaztelak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa konkistatu zituen; eta 1512an, Nafarroa Garaia. Sekuentzia historiko horrek ondorio larriak izan ditu eta, gaur egun, agerikoak dira: Euskal Herriak erabakitzeko askatasuna eta nafar estatua galtzea; bi estatutan zatikatzea; mendeetako okupazioa jasatea; eta euskara galtzea herritarren ohiko hizkuntza izan den eskualde eta eremu zabaletan.

Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenean, kendu ziguten burujabetasuna eta minorizatu diguten hizkuntza berres- kuratu nahi ditugu, etorkizun askea eta euskalduna izateko. Euskara gure nortasun ikur nagusia da, Euskal Herriaren eskubide kenezina eta preskribaezina.

Espainiako eta Frantziako estatuen espantsionismoak eragin duen asimilazioaren aurrean erreparazio historikoa eta kalte-ordainak eskatzen ditugu Euskararen Herria berrezartzeko. Euskal estatua sortu eta kultur eta jatorri ezberdinetako euskaldunez osaturik, euskaraz biziko den Euskal Herria berreraikitzeko.

Euskararen erreparazioa funtsezko osagaia da gatazkaren konponbide integralerako, huts egin gabe konpondu beharreko osagai nagusietako bat, normalizazio politikoa eta bakea lortzeko. Bihar, denok Iruñera, konkistek kendutako Euskal Herriaren independentzia eta euskararen erreparazioa aldarrikatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo