GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-zulatzea

Gallartak faboritoa dela erakutsi nahi du

J.L.

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako jardunaldia jokatuko da gaur 19.00etatik aurrera Muskizko Donibane zelaian. Gaurko ekinaldian, gainera, lehian ari diren talde guztiak neurtuko dira.

Han izango dira Burdin Gazteak, Errekatxo, Gallarta, Kabiezes, KZ Kolpeka, Las Karreras eta Trapagaran. Oraingoz, Gallarta doa lehen postuan 41 punturekin. Gaurko saioa irabazteko ere faborito agertzen da, eta hori lortzen badu, txapela eskuratzeko bidean beste urrats garrantzitsu bat egingo du. Une honetan sei puntu kentzen dizkio Kabiezesi eta 17 puntu, berriz, hirugarrenari, Trapagarani, nahiz eta azken hauek jardunaldi bat gutxiago jokatuta dauden.

Giza-proba

Taldekako giza-proba sekulako indarra hartzen ari da, batez ere Gipuzkoan, eta bihar jokatuko da aurtengo Txapelketako lehen kanporaketa. Urretxuko probalekuan izango da ekinaldia bihar 12.30etik aurrera. Urretxu, Orio eta Zizurkil neurtuko dira. Talde bakoitzak 20 minutu izango ditu lanean aritzeko, eta 1.000 kiloko harria erabiliko dute. Amaieran lehenengo bi postuetan amaitzen duten taldeek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Bigarren kanporaketa Villabonan jokatuko da uztailaren 31n, 18.00etan. Bihar hirugarren geratzen denak, beste aukera bat izango du, eta bigarren kanporaketan ere aritu ahal izango du.

Txapelketa honek ikusmin handia piztu du, azken batean, gazte jendeak osatzen baitituzte taldeak, eta beraien herriko eta inguruko gazte asko eramaten dituzte ekinaldietara. Eguraldiak laguntzen baldin badu, jende asko izango da bihar eguerdiko kanporaketan.

Nafarroako Txapelketa

Iruñeko zezen-plazan jokatuko da gaur 12.00etatik aurrera Iparraldeko Jokoen Torneoko lehen jardunaldia. Iparraldeko Jokoen barruan zazpi modalitate sartzen dira: Lokotx-biltzea, ingude-altxatzea, txinga-eroatea, harri-jasotzea, lasto-jasotzea, orga-jokoa eta zaku-lasterketa. Torneo honetan orga modalitatea izan ezik, gainontzeko denak sartuko dira. Probak banakakoak izanen dira, eta guztira hiru jardunaldi jokatuko dira, liga sistema erabiliz. Bigarren jardunaldia Uharte Iruñean izango da ekainaren 24an 13.00etan, eta azkena Burgin jokatuko da, uztailaren 1ean, eguerdiz, nahiz eta ordua jarri gabe dagoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo