GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Rikardo Arregi 2012/6/13, deia

Hitzak

(...) Zenbakien kontua dirudiena hitzen kontu bilakatzen ari zaigu egunetik egunera: gauza honi nola deitu da arazorik nagusia, antza. Ekonomiak hizkuntzalari-tzaren laguntza behar omen du eta Espainiako presidenteak hiztegiak arakatu zituen azalpenak (sic) eman zituenean pasa den larunbatean. Hasieran «atzokoa» deitu zion gauzari, gero «mailegu onuragarria» eta «kreditu linea berezia», den-dena hitz debekatua ez esateagatik, «erreskate» hitz tabu eta madarikatua ez esateagatik. Esango dute, gero, letrak ikastea alferrikakoa dela. Ziur naiz Ekonomia fakultateetan kreditu asko emango duen ikasgai berri bat jarriko dutela laster: Hizkuntzaren Erabilera Ekonomikoa.

Espainiako aurreko presidente Zapaterok ere hitzekin bueltaka ibili zen «krisi» ez esateko; ohituta gaude, dagoeneko, politikoek hitz egiten dutenean, aldi bereko itzulpenak egiteko ulertu nahi badugu zer esaten duten benetan. Guztiok dakigu, adibidez, «zergak orekatu» esaten dutenean «zergak igo» ulertu behar dugula. Hamaika adibide dago.

Agian, oraingoan, Espainiako presidenteak mugaren bat gainditu du, zeren nazioarteko zenbait hedabidetan barre franko egin baitute haren kontura. Bestaldetik, gero eta ugariagoak dira erreskate honi «ez-erreskate» deitzen diotenak; hizkuntzaren malgutasuna oso urruti irits daiteke. Nik «ez-erreskate» gustukoa dut, «erreskate leun» edo «erreskate arin» baino gehiago, irudimen gutxikoa iruditzen zait leuntasun eta arintasunekin ibiltzea. Horrela, erreskatea (benetakoa, gogorra, astuna) iristen den bitartean (iritsiko dena) ez-erreskatearekin kontsolatzen gara, ez-erreskatearekin eta futbolarekin, jakina.

Azken oharra: iruditzen zait «hemengo» hedabideetan (salbu eta Iparraldekoetan) Espainairen ez-erreskatea urrutitik ikusten dela, «hemengoak» beste nonbait biziko bagina bezala. Hitz bat behar du horrek ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo