GARA > Idatzia > Kultura

«Erraten da Madonna probokatzailea dela, eta hala da, baina zentzu onean»

Thierry BISCARY «TTIRRITT» I Kalakan taldeko kidea

Kalakan euskal taldea Madonna kantari estatubatuarraren azken munduko biran parte hartzen ari da. Urtarril bukaerara arte MDNA World Tourraren parte dira Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere. «Poparen erregina» Lapurdiko Getarian ezagutu zuten aurreko udan Marielle eta Katia Labeque musikari klasikoen etxean, eta aurtengo maiatzaren 31n hasi zuten munduko bira elkarrekin.

p049_f01.jpg

Idoia ERASO |

Florentziako hotel batetik, beste hainbat kazetariren hitzorduen artean erantzun zion Thierry Biscaryk GARAri. Beharbada, atzerritik euskaldunen artean sentitzearen lasaitasunean, urruneko hurbiltasunean gai zail eta goxo guztiei erantzun arrazoituak eskaini dizkie musikari baxenabartarrak.

Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Oro har ontsa doa. Hiru hilabete pasatu ditugu lan eta lan New Yorken, baina orain gozatzen dugu gehiago gure lanaz. Bisita batzuk ere egiten ahal ditugu tarteka. Kontzertuak egiten ditugu ere alimaleko kirol zelaietan. Hori guztia berezia da, baina oro har biziki kontent gara.

Nola da agertoki gainean izatea, jende guztia zuri so?

Lehen egunean biziki beldurgarria izan zen niretzat, eta orain ez hainbeste. Beldur handiagoa ematen dit hogei pertsonaren aitzinean jotzeak horrelako plaza handi batean baino. Beharbada hogei pertsonaren aitzinean biziki hurbil dituzulako.

Guk gure musika egiten dugularik entseatzen gara akustikoki jotzen, mikrofonorik gabe, sinisten baitugu harreman natural horretan. Hor arrunt beste puntan da; belarrietan entzungailuak daramatzagu, soinu guztia hor doa. Horrek mozten du publikoarekin, musika dut gehienbat ene belarrietan eta argi guztiak guregana heldu dira eta ez jendearengana, eta ez ditugu sobera ikusten. Nik gustukoa dut argiak publikoarengana joaten direlarik. Adibidez, «Like a prayer» ematen dugularik ikusten dituzu besoak altxatuak eta horrek zerbait egiten du. Uf! Efektu bat badu hainbeste jende ikusteak!

Nolakoa da zuen parte hartzea?

Tarteka ateratzen gara, sei edo zazpi aldiz. Uste baino leku gehiago ukan dugu. Joan diren biretan kolaboratu zutenek kantu bat edo bi egiten zituzten; gu gehiago agertzen gara. Eta ez gara bakarrik euskaraz aritzen, ingelesez eta sanskritoz ere bai.

Zergatik tratu berezi hori?

Batzuen ustez, izan da ez garelako `kakingarriak' izan (irri egiten du). Entseatu gara egin ahala profesionalki lanean aritzen, proposamenak ematen eta baikorki jotzen. Denbora hartu dugu jaso dugun errespetua berriz ematen. Hastapenetik izan dugu errespetua, bai. Madonnarengandik, baita bere kolaboratzaileengandik ere.

Zein da zuen errepertorioa?

Aukeratu dugu ikuskizunaren gaien arabera alde batetik, eta bestetik, galdegina izan zaigu Madonnaren bertsio batzuk egitea. Proposatu dugu «Open your heart» eta «Sagarra jo» adibidez. Ez naiz xehetasun guztietan sartzen ahal kantuen inguruan, ezin baitugu aipatu.

Bira aurrera joan ahala jendearen jakin-mina sentitu al duzue nortzuk zareten jakiteko?

Ez, oraingoz ez, eta hori bitxia zait. Aurkeztuak gara euskaldun gisa, Euskal Herritik heltzen garela, baina... Sare sozialetan oihartzunak ukaiten ditugu, baina laburrak dira. Nik uste nuen galdera gehiago izango genituela jende batzuengandik Euskal Herria zer den jakiteko.

Hiru hilabetez indar berezi bat eman dugu preseski esplikatzeko zer den gure kultura. Aipatu diegu zertan den bake prosezua, ez genuen folklorea egin nahi, hori zen gure beldurra. Eginahala esplikatu nahi izan dugu zer den, nondik heldu den eta nolakoa den gaur Euskal Herria.

Bira luzea da, interesa zabaltzen ahal da.

Espero dugu; gisa guztiz, guk hautatu dugun errepertorioa tradizioan oinarritzen da, zentzuan oinarritzen da, ez dut uste irudian gelditzen denik edo superfiziala denik. Aldi oro ibiltzen garelarik esplikatzen dugu nondik heldu den txalaparta, nondik heldu den gure hizkuntza, zergatik gaur egun mintzatzen dugun euskara eta zergatik atxikiak garen gure kulturari.

Memento honetan ez, baina Europan ibiltzen ginelarik Labeque ahizpekin aldi oro bagenuen norbait etortzen zena errateko biolentziaren kontra zela. Guk ez dugu hori aipatzen; nahi badu gure iritzia emanen dugu, baina ez da gure gaia.

Entseguen lehen bideoa agertu zelarik, agertu ziren komentarioak beldurgarriak ziren, aluzinanteak. Euskal Herria ez da Espainia, bai Espainia da, eta hau eta bestea. Niretzat biziki bitxia da, badakigu zein propaganda den Espainian, baina... Hainbeste urte iraun du horrek ezin dela desagertu horrela bat-batean.

Gu diskurtso irekia ematen saiatzen gara erraten euskaldunak badirela munduan eta kokatuak direla Espainia eta Frantzia artean. Hizkuntza bat badutela egunero erabiltzen dutena, besteek bezala onartuak izan daitezen galdeginez. Ez da hain berezia, uste dut.

Kontziente zarete euskara eta euskal kulturaren erakusleihoa zaretela momentu honetan?

Bai, kontziente gara. Kazetari batek galdegin dit enbaxadoreak garenez. Gu ez gara joan asmo horrekin, gu joan gara artista bezala. Baietz erran genuen, artista eta profesional bezala, eta gero euskaldun bezala bistan dena. Gero horrek zer ekarriko duen ez dakigu, beharbada, jende batzuek kokatuko dute Euskal Herria mapan.

Gisa guztiz guretzat inportanteena da gure musika ematea eskuin eta ezker, bai Euskal Herrian, bai munduan. Entseatu gara urte batez Hego Euskal Herrian jotzen eta kristoren nekeziak ukan ditugu, Ipar Euskal Herriko talde guztiek egunero bizi dituztenak. Hegoaldean zure burua agerraraztea euskaldun artista bezala zaila da, ez bazara EITBn pasatzen. Orain Madonnaren bira egiten dugulako etortzen zaizkigu hegoaldeko hedabide guztiak.

Zubi horiek ez direla sobera ontsa emanak iparraldearen eta hegoaldearen artean. Horrek parada ematen digu hegoaldean gure burua ezagutarazteko. Orain Madonnarekin ibiltzeak ekartzen ahal badu parada munduan zehar ibiltzeko, biziki kontent izanen gara.

Zuen parte hartzeak polemika sortu du, lehen kontzertua Tel Aviven izan zelako zein inperialismo amerikarraren aurrean makurtu zaretelako...

Hautu hori egin genuelarik bagenekien polemika sortuko zela, iritzi onak eta txarrak izanen zirela. Euskal Herria ttipia da eta bakoitzak badu bere iritzia emateko eskubidea. Nik normal atzematen dut. Uko egin izan bagenio, batzuek erranen zuten zozoak garela. Harrigarria da ikustea Frantzian gure parte hartzeak ez duela batere oihartzunik ukan, Espainian anitz eta Frantzian batere.

Tel Aviven jotzeak sortu duen polemika ere normala atzematen dut, baina guk sinatu genuelarik ezin genuen boikotatu ikuskizun hori. Ikusgarriaren partaide gara, ez gara erabakitzaileak, Madonnak du eramaten. Funtsean, mintzatu zen Tel Aviven bakearen alde, palestinarrak aipatu zituen eta azkenean ez dut sobera gaizki atzeman.

Beti erraten da Madonna probokatzailea dela, eta hala da, baina erran nezake zentzu onean dela. Ez da probokatzailea izateko soilik, entseatzen da jendea zirikatzen, bakoitzaren mugak puskatzen. Gurekin egin du, eta denekin horrela egiten du, bere izateko manera da. Maite du zirikatzea eta badaki preseski non zapatu behar den min hori sortzeko, eta, bere ustez, gainditzeko.

Taula gainera igo aitzin beti hitz batzuk erraten dizkigu eta badu hitz bat beti aipatzen duena: inspirazioa. Erraten du taula gainean agertzen garen artista guztiak inspirazio iturri garela eta eginahala errespetua adierazi behar diogula jendeari. Zinez umilki erraten du. Sinisten dut horretan. Beraz, Tel Aviven jotzeak bazuen zentzua berarentzat. Bera katolikoa da hezkuntzaz eta kabala ikasten du (juduen erlijioaren adar bat). Badu harreman berezi bat erlijioarekin taula gainean artistikoki agertzen duena.

Euskal Herrian kontzertu bat egiteko eskatu duzue.

Bai, baina oraindik ez digute erantzun. Espero dut Bartzelonan mintzatzen ahalko garela antolatzaileekin. Euskal Herrian nahiko genuke eman, zentzu osoa luke.

«Ohartzen gara gure jotzeko manera haiekin konparatuz arrunt `punkagoa' dela, `instintiboagoa'»

Madonnarekin lanean aritzeak zer ekarri dizue artistikoki?

Pusatzen zaitu zure mugetara. Egun batez gai bat eman zigun horrekin zerbait egiteko biharamunerako. Pasa genituen hamazazpi oren lan eta lan. Madonnak eramaten du lan izugarria egunero, segur naiz bera dela gutxienik lo egiten duena. Lana baizik ez du bere bizian, familia bat badu, baina kasu ze langilea den. Gauza bera eskatzen die bere ingurukoei, guri ere bistan dena, eta horrek pusatzen zaitu. Madonnaren ahala horretan dela uste dut, begi zorrotzak ditu. Ikusten du norbait eta erraten du, hara horrekin hori egin behar dut. Badu zentzu artistikoa eta badaki baloratzen gauzak. Detaile guztiak ikusten ditu. Harrigarria da.

Eta musikalki?

Musikalki arrunt beste mundu batetik heldu da. Orain ohartzen gara gure jotzeko moldea, haiekin konparatuz, arrunt punkagoa dela. Haiek ohitura dute tempoa kantu guztietan belarrietan ukaiten, disko bat grabatzen duzularik bezala, eta guk belarriekin jotzen dugu zuzenean. Gure klika da gure arnasa, batak besteari so egitea, entzutea eta egin ahala segitzea melodiak eramaten duena. Erran nezake institiboagoa dela. Horrela ikasi dugu, euskal kantu tradizionala horrelakoa da. Hori txoke handi bat da.

Ikasten duzu musikalki, zorrotza izaten zure buruarekin egunero. Ez oren batean, beti. Horiek ez dute barkatzen. Kasu eman behar da, beste maila bat da.

Urtarrilean, bira bukatutakoan, zer eginen duzue. Ba al duzue proiekturik?

Erraza da, bigarren disko bat egin behar dugu. Orain hasiko gara errepikak gure artean egiten, ahal dugun tokietan. Udazkenean hasi ginen kantu berriak lantzen betiko hari beretik, ohiko kantu tradizionalak gure moldean emanak, perkusioekin edo ahots hutsez. Gero irekiak gara, ohartzen gara esperientzia honekin gure musika nahasten ahal dela gauza frankorekin. DJ batekin, rock talde batekin edo metal talde batekin. Nik amets bat ukanen banu, nahiko nuke Sigur Ros talde islandiarrarekin kolaboratu adibidez.

Labeque ahizpek ere aipatu digute disko bat egiteko beraiekin. Musika klasikoa eta gure arteko diskoa egin genezake. Gero ikusgarri bat egin beharko genuke, badugu formatu bat akustikoki ematen duguna. Jamixelek zioen hasteko beharko duela denbora bat hatsa hartzeko, baina gero berriz hasi beharko dugu azkar parada hori baliatzeko. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo