GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

500 años de la conquista de nafarroa

Sanferminak garaiz aurretik bizitzeko aukera izan zen atzo

 

p002_f08.jpg

M.D. |

Bero egiten zuen atzo Iruñean. Bero galanta. Sanferminetan egiten ohi duen sargori horietakoa. Estafeta kaleko erlojuak txupinazorako egun dezente gelditzen direla esaten bazuen ere, atzo jai giroa izan zen nagusi Iruñean, sanferminak aurreratu izan balira bezala.

Atzo ez zela konkista ospatzen, 500 urteren bueltan Nafarroa, Euskal Herria, bere nortasuna galdu ez duen herria dela aldarrikatzea zela helburu esan zuten behin eta berriro antolatzaileek.

Egia da, baina aldarrikapen hori festa giroan egin zenik ezin da ukatu. Euskaldunon nortasunaren ezaugarrien artean festarako zaletasuna dagoela argi eta garbi geratu zen atzo Nafarroako hiriburuan.

Ez zegoen zapi gorria kolkoan jantzi zuenik, ezta zezenik ere, Santo Domingotik gora korrika, baina zezen-plaza bete-betea zegoen Nafarroa Bizirik ekimenak Iruñera etorri zirenei eguerdian egin zien harrera ekitaldian.

Bitxia zen sanferminetako arratsaldeetan gerizpean izaten diren harmailak atzo eguerdian eguzkipean ikustea, festak hankaz gora egin izan balu bezala. «Ikusten da ez zarela inoiz Landetako zezenketara etortzen», esan zion batek ondokoari. Sanferminetan, batzuentzat, goizak gogorrak izan ohi direlako eta ohean egoten den horietakoa delako izango zen.

Atzo ez zen uztailaren 6a eta Nabarreriako iturriaren goialdean ez zegoen Australia edo Zeelanda Berritik etorritako babalorerik bere burua hortik behera botatzeko prest, baina inguruko tabernetan giro aparta zegoen bermut eta frijituen orduan.

Tabernetan ez ezik, inguruko peñetan beroari eta egarriari aurre egiteko tragoxka bat hartzeko aukera zegoen. Egun berezia zen atzokoa Iruñean eta peñek galdutako independentzia gogoratzeko egunarekin bat egin, eta euren egoitzak iruindar eta bisitariei ireki zizkieten, jaietan izango bagina bezala.

Zapi gorririk ez, baina bandera gorri ugari izan ziren atzo Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. Galdutako Erresumaren banderak, ez Foru Hobekuntzak ezarritako koroadunak.

Eguzkia lagun, euskal doinuak nonahi entzun ahal ziren atzo Iruñean. Ez bakarrik zezen-plazaren inguruan, non txikienek puzgarriekin gozatzen zuten, helduxeagoek arratsaldeko kontzerturako sarrerak eskuratzen zituzten bitartean. Alde Zaharreko edozein txokotan zegoen musika entzungai.

Joaldunak, txistulariak, gaiterok, abesbatzak, txalapartariak eta abar luze bat jardun ziren giroa alaitzen. Iruñeko Udalak trabak jarri zizkien antolatzaileei eta informazio-mahaiak paratzea debekatu zien Nafarroa Bizirik ekimeneko kideei. Alabaina, musikari eta jendeak gozatzeko agertutako gogoari ezin izan zieten inolako trabarik jarri.

Bazkaltzeko garaia iristerakoan aldez aurretik txartela eskuratu zutenek zezen-plazan hartu zuten indarra, eguzkiari umorez aurre eginez. Beste askok, ordea, Alde Zaharreko ostatuetan hartu zuten jatekoa. Eta festan jarraitzeko indarra berreskuratu ostean, arratsaldean guztiak Martxa Nazionalera batu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo