GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpinismoa I Izar berria

David Lama, alpinismoari bikain eta indartsu lotu zaio

21 urteko gazte austriarrak kirol eskaladatik alpinismora egin du salto, eta dagoeneko goi mailako makina bat eskalada poltsikoratu ditu. Azpimarragarriena: Cerro Torreko «Maestri» bidean sinatutako lehen igoera librea. Bakarka ere oso ondo moldatzen da.

p040_f01_191x136.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

David Lamaren kasua ez da batere ohikoa. Oso-oso gaztetatik kirol eskaladaren lehen lerroan ikusi dugu, eta horren inguruan lerro asko idatzi dira. Harrigarriena, ordea, duela urte gutxi batzuk austriarrak hartutako erabakia da. Hots, kirol eskaladatik alpinismora salto egitea. Hori egin (eta egiten) dutenak batzuk-batzuk badira, baina, oro har, adinean aurrera eta kirol eskaladarekin «bete» egin direnean hartu dute erabakia.

21 urte besterik ez ditu Lamak, eta dagoeneko alpinismoaren zurrunbiloan sartu zenetik oso erronka ederrak egin ditu. Horregatik diogu austriarraren kasua ezohikoa dela. Hori gutxi izango balitz, nazioarteko espezialista entzutetsuenek zera diote: «Lama alpinismoaren belaunaldi berri baten talentu azpimarragarrienetakoa da. Teknika perfektua du eta, oso gaztea izan arren, burua bere tokian du».

Gehiegi ez luzatzeko, arestian aipatu dugu Lamaren abiapuntua kirol eskalada izan zela. Lehen eskarmentua Peter Habeler alpinista handiarekin izan zuen: «Bost urte besterik ez zituen bere lehen bidea eskalatu zuenean. Haren gurasoei aitortu nien semeak gaitasun berezia zuela». Eta Habelerrek bete-betean asmatu zuen. 12 urterekin 8b+ graduko marra bat sinatu zuen. Lau urte geroago 8c+ zailtasunera egin zuen salto; garai haietan hori lortzen bakarrenetarikoa izan zen. Eta, gainera, bistan, lau 8b+ egin zituen.

Lehiaketetan ere ez zen atzean geratu, eta oso gaztetatik erakutsi zuen dohain bikainak dituela. Adibidez, 2004. eta 2005. urteetan Gazteen Munduko Txapelketak irabazi zituen. Bestalde, 17 urterekin Munduko Kopako proba bat irabazi zuen, baina nagusien mailan; hori egiten lehen gaztea izan zen. Eta zerrenda luzea da.

Alpinismoari lotuta

Nahiz eta kirol eskaladan talentu handikoa izan, duela sei bat urte Lamak beste norabide bat hartu zuen. Diotenez, austriarrak izaera «berezia» du; oso gaztetatik, gainera. Bere jarrerak bat baino gehiago harritu du. Adibide xume bat. Oraindik lehiakidea zela, Chamonixen jokatu zen Munduko Kopako proba batean, Lamak Austriako selekzioarekin hartu zuen parte. Amaieran, hotelera lo egitera joan ordez, lo-zakua hartu eta Chamonixeko txoko batean hartu zuen atseden.

Bitxikeria bat izan daiteke, baina, agian, garai horietan alpinismoaren «pozoia» barnean zuen. Gazteak berak aitortu duenez, benetako grina 2006. urtean, 15 urterekin, piztu zitzaion Yosemiteko hormatzarretara eginiko bisitarekin. Ordutik ez da geldirik egon. Murru alpinoen sarean erori zen. Arroka, izotza, elurra, mistoa... berdin zitzaion; alpinismoaren esentzia osoa probatu nahi zuen. Nahiz eta eskarmentu handirik ez eduki, pixkanaka-pixkanaka izen handiko bideak patrikan sartzen hasi zen: «Feuertufe» (8b), «Paciencia» (8a, Eigerreko ipar pareta), «Camilotto Pellissier» (8a+, Lavaredo), «Pan Aroma» (8c, Lavaredo), «Voie Petit» (8b, Grand Capucin), «Bellavista» (8b+, Lavaredo)...

Ikusten den bezala, Lamak kirol eskaladan zituen dohainak ondo baino hobeto eraman zituen paretetara. Izar handiko bide zailak eskalatu ditu, baina, benetako «ospea» eman diona pasa den urtarrilean lortutakoa izan da. Orriotara ekarritako jarduera izan zen: Cerro Torreko «Maestri» edo hego-ekialdeko ertza lehen aldiz era librean eskalatu zuen. Peter Ortner sokakidearekin eskalatu zuen, baina Lama izan zen luze guztien korapiloak askatu zituena.

Kaxmirren Kishtwar mendiaren lehen igoera sinatu du, apirilean «Banlands» bidea (700 m, 6a, M5, WI4, A1) bakarka zabaldu zuen... Eta, badirudi, alpinismoan hasi besterik ez dela egin.

«Alpinismoa oso jarduera korapilatsua da; hori da erakartzen nauena»
Jakina denez, Lama buru-belarri dabil alpinismoaren munduan. Austriarrak berak aitortu duenez, bide hori jarraitzeko asmoa du. Eta bere hurrengo helburua norabide horretatik doa: Chogolisa (7.665 m).

Pasa den urtarrilean, Peter Ortner sokakidearekin batera Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza lehen aldiz era askean igo zenuen. Urte batzuk lehenago, zuek biok pareta handietan lehen eskarmentua izan zenuten.

2006. urtean izan zen. Elkarrekin Yosemitera joan ginen. Ondo baino hobeto pasa genuen, eta ohartu ginen hormatzarrekin hartu-eman berezia genuela. Beste era batera esanda, han piztu zitzaigun horma handietan eskalatzeko grina.
  
Harrezkero, elkarrekin makina bat bide alpino egin ditugu. Urtebete beranduago, neguan hain zuzen ere, beste abentura batzuk izan genituen. Eta horretan ginela, Cerro Torreko “Maestri” bidea era librean eskalatzeko saioa sortu zen. Erronka horretara bultzatu gintuena Hansjorg Auer laguna izan zen.

Kirol eskaladan dituzun dohainak ondo baino hobeto eraman dituzu hormatzarretara. Eta hori argi geratu da aurtengo Cerro Torreko proiektuan. Batzuek zioten soilik kirol emaitza baten bila joan zinela, baina, oker ez banago, zuk beste asmo biribilagoa nahi zenuen, ezta?

Halaxe da. Agian, kanpotik irudi hori eman dut, baina nik abentura hori erronka oso bat bezala hartu nuen; era askean saiatzeaz gain, benetako eskarmetua bizi nahi nuen. Cerro Torre eta bere lehenengo eskalada kondaira handia izan da denontzat. Batzuk korapilo hori askatzen saiatu dira. Helburu oso erakargarria zen eta, jakina, hori lortzen lehenengoa izan nahi nuen.
  
Azkenean, hiru saio behar izan ditut. Lehengoaren aurretik Txileko Cochamo bailaran dauden pareta batzuetan izan nintzen. Baina, Cerro Torreko eskualdearekin alderatuta, ezberdintasun batzuk bazeuden. Eskarmentua hartzeko balio izan zidan, baina jakin banekien Cerro Torren eguraldia giltza dela.

Zuk idatzitako «High» izeneko liburuan, kirol eskaladatik ez, baina lehiaketetatik aldentzen zinela ondorioztatzen da.

Hein handi batean, horrela ondoriozta daiteke. Alpinismoaren munduan sartu nintzenetik diziplina horretatik aldentzen joan nintzen. Lehietan parte hartzen nuen, baina ez beste garai bateko grina berarekin. Iaz ez nintzen lehiatu; hori egiten lehen urtea izan da.

Alpeak, Yosemite, Txile, Kirgizistan, Kaxmir, Patagonia... Han eta hemen ibili zara oso jarduera interesgarriak egiten. Lasai asko esan daiteke egun zeure burua soilik alpinistatzat jotzen duzula?

Neure burua beti eskaladan ikusi dut. Jakin banekien nire bizitza osoa ez nuela soilik pasako kirol eskaladan zein lehietan. Azken urteotan alpinismoak harrapatu nau, eta hori da egin nahi dudana. Gaur egun, bederatzi graduko bideak astero kateatzen dira, baina, aldiz, bide luze eta alpinoetan zortzigarren gradukoak oso gutxik eskalatzen dituzte. Kirol eskalada (lehiaketak barne) eta espedizioak mundu oso ezberdinak dira; ia ez dira bateragarriak. Espedizioek energia inbertsio ikaragarria eskatzen dute.

Beraz, aitor zenezake zure etorkizuna alpinismoari lotuta dagoela?

Inolako zalantzarik gabe, bai. Kirol eskaladako lehiaketetan, adibidez, gauza garrantzitsuak egin ditut, baina oraindik arantza batzuk baditut. Agian, zergatik ez, lehietara itzuliko naiz. Kirol eskaladan jarraitzen dut, gustuko dudalako eta alpinismoan ditudan erronketarako oso lagungarria delako. Orain erronka handietarako grina daukat. Oso abentura erakargarriak dira, eta aitortu behar dut gozatzen dudala.
  
Alpinismoak asko erakartzen nau. Oso eskalada korapilatsua da, eta hori da gehien erakartzen nauena. Kirol eskaladan, adibidez, soilik arrokan izan behar duzu ona. Alpinismoan, aldiz, eremu guztietan ondo baino hobeto moldatu behar duzu. Horrekin esan nahi dut arroka, izotza eta elurra menderatu behar dituzula. Zure abilezia guztiak bateratu behar dituzu. Azken emaitza hortik dator.

Azkenaldiotan ere bakarkako eskaladak egin ditut. Batzuetan bide berriren bat zabaldu dut; beste batzuetan, berriz, marra gogorrak errepikatu ditut. Espezialitate horrek ere asko erakarri eta motibatzen nau.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo