GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega I Euskal Herriko Liga

Esnaola eta Etxaburua, onenak

Mutiletan eta nesketan lehen jardunaldiko garaileak izan ziren, eta txapela lortzeko faborito nagusiak direla erakutsi zuten.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Alatzne Etxaburua eta Igor Esnaola izan ziren atzo Tolosan abiatu zen Euskal Herriko Ligako bi segalaririk onenak. 150 ikusle inguru batu ziren lehen saioa ikusteko. Neskek 35 metro karratuko sail bana moztu behar izan zuten, eta mutilek, berriz, 100 metro karratukoa.

Neskek ekin zioten lanari. Txapela lortzeko faborito nagusia, Arrate Garin, ez zen bertan izan. Lan arazoak zirela medio, lehen ekinaldiari uko egin behar izan zion, eta honela txapela lortzeko aukerarik handienak galdu zituen Legorretakoak.

Bere hutsuneak ate asko utzi zituen zabalik, eta Alatzne Etxaburua izan zen onena. Alde nabarmena kendu zion, gainera, bigarren sailkatuari, Ainara Otamendiri, hamalau segundora sailkatu baitzen, nahiz eta azken honek eskuratu zuen nesken 23 urtez azpikoen lehen postua.

Gizonezkoetan, azken urte hauetako txapelduna, Joxe Gabirondo, falta zen. Horrek ate asko uzten zituen zabalik, nahiz eta betiko izenak, Mitxelena, Agirrezabala, Goenaga edo Altzo agertzen ziren izen ezagunen artean, baina guzti horien gainetik Igor Esnaola agertu zen. Bere anaia Aitorrekin urte askoan Gipuzkoako eta Euskal Herriko trontzalaririk onena izan da, eta segan ere azkeneko urte hauetan oso maila ona ematen duela agerian utzi zuen, eta atzo bera izan zen onena.

Sekulako abiadan moztu zituen 100 metro karratuak, eta hori gutxi balitz, oso txukun, gainera. Izan ere, nazioarteko eran ez du balio azkar mozteak bakarrik, txukun ere ebaki behar da, eta atzo denetik egin zuen ongi Legorretakoak. Hamabi segundora sailkatu zen Goenaga errezildarra, eta Bixente Mitxelenak osatu zuen podiuma, 25 segundora.

Mutiletan, 23 urtez azpikoetan, Urkolak irabazi zuen. Gaztetxoetan, 16 urtez azpikoetan, alegia, Aimar Garmendiak irabazi zuen, eta hauek 35 metro karratuko sailak moztu zituzten. Nesken 23 urtez azpikoetan Ainara Otamendi izan zen onena.

Ligako bigarren jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Etxalekun, 17.30etik aurrera. Segur aski ere, bigarren jardunaldi horren ostean, bi mailetan sailkapenak zehazten hasiko dira, eta txapelduna oso gertu geratuko da, seguruenik ere.

Gallartak sendotu egin du Ligako sailkapeneko lehen postua

Gallartak Euskal Herriko Ligako lehen postua sendotu egin zuen, nahiz eta herenegun Muskizen jokatu zen jardunaldian bigarren postuan amaitu zuen.

Ortuellako Burdin Gazteak taldeak irabazi zuen, 12 zulo eta 5 zentimetro zulatu ostean. Gallartak ere ez zuen lan txarra egin, nahiz eta sailkapeneko bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 11 zulo eta 11 zentimetro zulatu ostean. Lehia gogorra izan zuen Trapagaranekin; izan ere, azken hauek baino bi zentimetro gehiago bakarrik zulatu baitzituzten.

Laugarren postuan Errekatxo sailkatu zen 10 zulo eta 12 zentimetro zulatu ostean. Atzetik, berriz, Las Karreras, Kabiezes eta KZ Kolpeka sailkatu ziren. Azken talde honetan neskak bakarrik daude, eta inoiz baino marka hobea egitea erdietsi zuten. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo