GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Greziako hauteskundeetako emaitzek agerian utzi dituzte agintari espainolen gezurrak

Azken hilabeteotan, Estatu espainolaren zorra garestitzen eta arrisku saria igotzen joan diren heinean, Mariano Rajoyk zuzentzen duen Gobernuko ordezkariek behin eta berriz nabarmendu dute bilakaera horrek ez zuela zerikusirik ekonomia espainolarenganako konfiantza faltarekin, baizik eta Grezian bizi zuten egoerarekin. Bankiak izandako porrotak ez zuen eraginik; finantza-sistema espainiar osoaren erreskateak ez zuen ondoriorik; merkatuak Atenasera begira zeuden, ez Madrilera. Hori zen beren bertsioa, eta, hain zuzen ere, bertsio hori da agerian geratu dena Grezian hauteskundeak izan ondoren. Izan ere, aipatu hauteskundeak Europar Batasunak eta merkatuek nahi zuten hautagaiak irabazi ditu, Demokrazia Berriko Antonis Samarasek hain zuzen, eta, hala ere, edo horregatik, atzokoa egun beltza izan zen ekonomia espainolarentzat. Arrisku saria inoiz baino altuago kokatu zen, eta aise gainditu zituen Irlanda, Portugal eta Grezia bera «erreskatatzeko» kontuan hartutako muga guztiak. Rajoyk orain arte erabili duen aitzakia nagusia galdu du, eta bada garaia Estatu espainolak inolako konfiantzarik sortzen ez duela onartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo