GARA > Idatzia > Ekonomia

Konfrontazioa indartuz, burujabetza lortzea da LABen etorkizuneko erronka

Datozen ostegun eta ostiralean LABek bere VIII. Biltzar Nagusia ospatuko du Barañainen, azken hilabeteotan burututako eztabaida prozesuari bukaera emanez. Aurrerantzean garatu beharreko estrategia finkatuko dute bertan eta zuzendaritza berria ere hautatuko dute.

p029_f02.jpg

GARA |

Krisiari erantzun sendo bat eman beharraz jabetuta, ostegun eta ostiralean (ekainak 21 eta 22) bere VIII. Biltzar Nagusia ospatuko du LAB sindikatuak Barañainen. Azken hilabeteotan batzarkideek eztabaida prozesu mamitsua eraman dute aurrera, Biltzar Nagusiari begira garatu beharreko ildo nagusiak finkatzeko asmoz. Guztira, 500 lagun inguru batuko dira Barañainen eta bertan eztabaida «bizia» emango dela aurreikusi zuten atzo Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Igor Arroyo Nafarroako bozeramaileak.

Arroyok azaldu zuenez, biltzarra Nafarroan ospatzeak badu bere esanahia. Batetik, herrialdean ematen ari diren murrizketek eta aldi berean herritarrek horiei emandako erantzunak «Nafarroa erdigune politikoan» kokatzen dutela uste du sindikatuak. Bestalde, Arroyok azpimarratu zuen LABek Euskal Herri osorako garatu nahi duen estrategia nazionalaren baitan, baduela «Nafarroarako alternatiba independentista bat».

Azken hilabeteotan burututako eztabaida prozesuan izandako parte hartzea nabarmendu zuen Etxaidek. Horrela, 2.500 kide baino gehiago bildu dira prozesuan eta ekarpenak ugariak izan dira. Orotara, 230 emendakin egin dira, 140 ponentzia politiko-sindikalari eta 90 antolakuntza ponentziari.

Ildo horretan, ondorio nagusiak bi izan direla azaldu zuen. Batetik, barne kohesio handia dagoela ondorioztatu dute, eta, beraz, egindako ekarpenak sindikatuaren lerroak indartzera bideratuta egon dira.

Hori dela eta, finkatu beharreko estrategia bi zutaberen gainean eraiki behar dela uste du sindikatuak. Alde batetik, ezinbestekotzat jotzen du konfrontazioa indartzea, eta, bestetik, Euskal Herrian akordioak eraiki beharra azpimarratzen du, horretarako aliantza berriei bide emanez.

Etxaideren arabera, krisiari irtenbide propio eta demokratikoa eman behar zaio, Madrildik datozen murrizketen aurrean Euskal Herria oinarri izango duena. Horretarako, ekonomia erreala indartu eta horren gainean erabakiak hartzearen garrantzia nabarmendu zuen, bere ustez, hortik etorriko baita benetako alternatiba. Eredu propio hori garatzeko, bitarteko instituzionalak eskuratzea oinarrizko baldintza gisa aurkeztu zuen.

Zuzendaritza berria

Etorkizuneko ildoak markatzeaz gain, Barañainen ospatuko den biltzarrean sindikatuko zuzendaritza berria hautatuko dute. Zentzu horretan, orain lau urte hartutako konpromisoari jarraipena emanez, «anbizio osoz eta bide berri bat egiteko prestutasunez» idazkari nagusi karguari beste lau edo bost urtez eusteko borondatea agertu zuen Etxaidek. Era berean, aldaketaren bat edo beste salbuetsita, berarekin sindikatua zuzendu duen lantaldea mantentzearen alde agertu zen.

Azken lau urteotan egindako lanari begira, urte «oso gogorrak» izan direla baieztatu zuen Etxaidek. «Aurreko kongresuan esan genuen ematen ari zen guztia krisi gogor batean lehertuko zela, eta horrela izan da, baina inor gutxik aurreikus zezakeen gertatu den guztia gertatuko zenik», azpimarratu zuen.

Testuinguru horretan, «euskal langileriaren eskutik eman den erantzuna bikaina izan da» Etxaideren ustez. Erantzun horrek, Euskal Herrian alternatiba eraikitzea posible egiten duela gaineratu zuen, eta Hego Euskal Herrian egindako lau greba orokorrak jarri zituen adibide gisa. Hortaz, baliabide politiko eta sozialak eskuratu eta Euskal Herria erdigune izango duen eredua garatzera deitu zuen.

Agenda

VIII. Biltzar Nagusiaren baitan, nazioarteko konferentzia ospatuko dute bihar Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ostegun eta ostiralean egingo da Biltzar Nagusia eta horren baitan zuzendaritza berria aukeratuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo