GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hollanderen balizko borondatea baino harago

Etxerat elkarteak Baionan emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, hautetsi berriekin elkarrizketak ugaritu eta kanpainan hartu zituzten engaiamenduen gauzapena zorrotz zainduko du. Jakitera eman zituen datuen arabera, Hollande presidente denetik espetxe politikak berdinean jarraitzen du eta, kasu pertsonalei erreparatuz gero, okerrera egin duela diote. Justizia ministro berriarekin eskatu duten hitzordua baliatu nahi dute beren mezua zuzenean pasatzeko, kanpaina herritar eta kale agerraldien eskutik dinamika hori lagunduz. Horiek denak eta bi gehiago beharko dira, bai, espetxe politika errotik aldatzeko, presoentzat askatasunaren ateak zabaltzeko. Horrekin batera, baina, beste ikusmolde, mezu eta pedagogia bat lantzea ezinbestekoa suertatuko da.

Izan ere, Hollanderen mandatuaren asteak gorabehera, presoen egoera partikularren kasuistiketan kateatu gabe, kokotsa altxatu eta beste horizonte batzuei ere so egin behar zaie. Hiperpo- litizatua ez den mezuari eta pertsonaren neurrira egokitutako ahalegin herritar gardenari hain zuzen. Senideek ondotxo dakite ez duela merezi Hollanderen balizko borondatearen inguruko konfiantzaren edo hautagaien promesa elektoralen arabera presoen aldeko dinamikak dantzan jartzea. Horregatik hitza betetzeko deira mugatu gabe, euskal gizarteak izan behar du lehen hartzailea eta gauzak aitzinatzeko bermea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo