GARA > Idatzia > Mundua

Puerto Ricoren autodeterminazio eskubidea babestu du NBEk

Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizazio Batzordeak Puerto Ricoren autodeterminazio eta independentzia eskubidea aitortzen duen ebazpen bat onartu zuen, uhartearen estatus politikoaren gaineko herri galdeketa ez-loteslea egiteko bost hilabete falta direnean.

GARA |

Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizazio Batzodeak Puerto Ricoren autodeterminazio eta independentzia eskubidea aitortzen duen ebazpena onartu zuen astelehenean, uhartearen estatus politikoaren gaineko herri galdeketa ez-loteslea gauzatzeko bost hilabete falta direnean.

Kuba, Bolivia, Venezuela, Ekuador eta Nikaraguaren babesaz, aurkeztutako testuak «Puerto Ricoko herriak duen erabakitze askatasun eta independentzia eskubidea» jasotzen ditu, eta Puerto Rico «bere identitate kultural propio eta berezia duen Latinoamerikako nazio bat» dela gogorarazten du.

Deskolonizaziorako Batzorde Bereziak beste urte batez Washingtoni «Puerto Ricoko herriari bere erabakitze eta independentzia eskubidea gauzatzea ahalbidetuko dion prozesua bizkortzeko» bultzada eman eta NBEko Batzar Nagusiari uhartearen kasua berrazter dezala eskatu zion.

Eskari hori -Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren babesa jaso zuena Egipto, Iran eta Siriaren kasuan- datorren azaroaren 6an irlaren estatus politikoaren gainean -AEBen esku 1898tik- egingo den herri galdeketa ez-loteslea baino bost hilabete lehenago egin dute.

Egungo estatus politikoa gogoko duten galdetuko diete puertoricarrei, alegia, estatu libre elkartu gisa -hau da, borondate propioz AEBen parte izatea- jarraitzea nahi duten, edota AEBekin guztiz bat egin nahi duten edo independente izan nahi duten.

Azken aukera honen alde agertu zen Deskolonizazio Batzordearen aurrean Luis Delgado, Elkartze Libre Subiranoaren Aldeko Aliantza (ALAS) taldeko lehendakaria. Herri kontsulta ez dela «mekanismo perfektua» onartu zuen, baina, bere ustetan, Puerto Rico subirano baten aldeko lehen urratsa da».

Batzordearen aurrean, ordea, askok kritikatu zuten herri galdeketa, batez ere, loteslea ez delako eta AEBetan bizi diren puertoricarrek bozkatzeko eskubiderik ez dutelako izango. Uhartean bizitzen urtebete baino gehiago daramaten atzerritarrek, aldiz, bozkatzeko eskubidea izango dute.

«Galdeketa honek kolonia egoera iraunarazten du. Soilik nazioarteko zuzenbidean oinarritutako deskolonizazio mekanismoen bidez eta informatutako herritarrek libreki beren iritzia emanik, balioko luke galdeketak. Orduan onargarria izango da», esan zuen Aleida Centeno Ameriketako Juristen Elkarteko ordezkariak.

Batzordeak Puerto Ricoko hainbat talde eta alderdiren iritzia ere entzun zuen.

hitza hartu

Elkarte zibilek, alderdi politikoek eta hainbat pertsona ezagunek hartu zuten hitza Nazio Batuen Erakundearen aurrean, horien artean Alberto Torres preso ohiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo