GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Bizkaiko Herri Arteko Txapelketa

Markina eta Zaratamo prest dira jada final handirako

Markinarrak faborito dira kadeteetan, baina Elezkano anaiek gauzak zail jarriko dizkiete beste bi mailetan.

p051_f01_234x342.jpg

Asier AIESTARAN

Markina eta Zaratamo prest daude jada larunbatean Herri Arteko Txapelketako final handia jokatzeko. Hitzordua Arrigorriagako pilotalekuan izango da, 17.00etan hasita, eta irabazleak Galdakaoren, iazko garailearen, lekua hartuko du horren garrantzitsua izaten den garaipen zerrendan. Atzo egin zuten material aukeraketa eta orain azken hiru partidak jokatzea baino ez da gelditzen.

Markina, hain zuzen ere, finalerdietan Galdakao kanporatuta iritsi da azken lehia honetara. Markinarrak 3-0 aurretik jarri ziren joaneko partidetan, eta itzulerakoan 1-2 galdu arren, finalerako txartela eskuratu zuten. Zaratamok, aldiz, Arrankudiaga hartu zuen mendean finalaurrekoetan. Joaneko nahiz itzulerako neurketetan 2-1 nagusitu zen Zaratamoko taldea.

Finaleko gakoa non egon daitekeen galdetuta, mailaz mailako azterketa bat egin digu Peio Urionabarrenetxea Markinako ordezkariak. Kadeteetatik hasita, Peiok nahiko segurutzat jo du markinarren garaipena; izan ere, bikote indartsua dute beraiek eta Zaratamok, aldiz, finalerdietako bi norgehiagokak galdu zituen maila horretan: «Gu printzipioz hiru partidak irabaztera goaz, nahiz eta gero edozer gerta daitekeen. Kadete mailan horretan uste dut guk gure partida eginez gero, irabazteko aukera asko ditugula».

Zalantza gehiago ditu gazteen partidaz galdetu diogunean, Zaratamok bikote oso indartsua baitu maila horretan. «Jubeniletan, beraiek Danel Elezkano daukate, gaur egun afizionatu mailan dagoen pilotari onena ez bada, onenetako bat behintzat bai. Gainera, jubenil mailara jaitsiz gero, diferentzia handiak markatzen ditu eta partida hori irabaztea oso zaila izango da guretzat. Hala ere, gure bikotea oso konpentsatua da, urte ona egiten ari da, eta esperantza daukagu», onartu digu.

Helduen neurketaz, azkenik, ez du gehiegi busti nahi izan, partida ireki samarra ikusten duelako seguru asko. «Jubeniletan galduko bagenu, nagusiek erabakiko lukete irabazlea. Helduen maila horretan ere guk bikote polita daukagula uste dut, baina beraiek Ander Elezkano daukate». Argi geratzen da, beraz, Urionabarrenetxearen iritziz, Elezkano anaien lana izan daitekeela finala alde batera edo bestera erabaki dezakeen faktoreetako bat -«bi anaiak oso indartsu dabiltza eta ez da erraza izango», aitortuz amaitu du bere azterketa markinarrak-.

Edozein modutan, 2010eko irabazleentzat, garrantzitsuena urtea joan eta urtea etorri txapelen lehia horretan sartuta egotea omen da: «Aurten ere ongi prestatuta etorri gara, ilusio handiarekin eta motibatuta. Guretzat Herri Arteko Txapelketa oso garrantzitsua da. Nahiz eta urtean zehar beste txapelketa asko egoten diren, guk honi beste begi batzuekin begiratzen diogu, beste ilusio eta motibazio batekin, hasi kadete gazteenetik eta pilotari nagusienera».

Are gehiago, finalera heldu arteko bide hori horren erraza ere ez dela izan nabarmendu baitigu. «Guretzat oso ongi joan da lehiaketa. Zeanurin hasi ginen eta 6-0 irabazi genuen. Zornotzaren aurka ere emaitza berarekin nagusitu ginen, eta finalerdietan Galdakaoren kontra haien etxean oso ongi jokatu genuen, 3-0 aurreratzeko adina, eta Markinan itzulerako partidak lasaixeago jokatu genituen. Nahiz eta markagailuei begiratuta bide erraza dirudien, irabaztea ez da inoiz erraza izaten, baina uste dut ongi jokatuta iritsi garela finalera, eta hori da niretzat garrantzitsuena», amaitu du Peio Urionabarrenetxeak pilotak aukeratzen hasi aurretik.

PILOTALEKUA

«Pilotan egiteko frontoi ona da. Goia nahiko hurbil dauka, baina frontisa oso ona da eta lurra ere bai. Errebotea oso urrun dauka, ia hamabi koadroko frontoia da, baina ez dauka aitzakiarik», azaldu digu Peio Urionabarrenetxea Markinako ordezkariak.

ESKUZ ETA ZESTAZ

«Zestakoek ere aurten Herri Artekoa irabazi dute, eta azken urteetan Bizkaiko onenak izan dira. Markinan aldaketa bat egon da, ordea, zesta apur bat jaitsi da eta esku pilota, igo. Hala ere, denentzako lekua dago eta ez daukagu pikerik alde horretatik», gaineratu du Peiok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo