GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ehunka argazki aurkeztu dizkio AEK-k Euskarabideari murrizketak salatzeko

p026_f02.jpg

M.P | IRUÑA

AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak bere ikasle eta irakasleen 116 argazki aurkeztu zizkion atzo Euskarabideari, Foru Gobernuaren Euskara Zerbitzuari, «gure hizkuntzan egin dituen murrizketak salatzeko».

AEK-k oso balorazio txarra egin zuen Euskarabidearen aurtengo urte politikoko jardunaz, herri ekimeneko euskaltegiekin ez duela «inolako harremanik bideratu» salatuz, eta bere jarduna «diru laguntzak kudeatzera» mugatu dela nabarmenduz.

Aipatutako diru-laguntzak «izugarri mugatu» direla kritikatu zuen koordinakundeak, eta horiek azken hamarkadan zehar egin direla, urtez urte. Hortaz,  Nafarroako Gobernuak krisiaren eragina dela esatea «gustu txarreko broma» dela azpimarratu zuen AEK-k hedabideei bidalitako agirian.

Egoera honi aurre egiteko, zenbait gomendio gaineratu zituen, esaterako, «helduen euskalduntzea sustatzea» euskaltegietara euskaltzale gehiago erakartzeko, «euskaltegien izaera estrategikoa onartzea», haien lana aintzat hartzeko edota «euskaltegiei ematen zaien diru-laguntzak handitzea, egoera hobe eta iraunkorra izateko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo