GARA > Idatzia > Kultura

Ikuspegi poetikoa landu du Gentz del Vallek «Entzun edo mapa ulertu» erakusketan

p055_f02_97x128.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Lehenago mendia zena desagertu egin da Praileaitz inguruan. Gai horri tiraka eta ikuspegi poetiko batetik sortu du Gentz del Vallek «Entzun edo mapa ulertu» erakusketa, bihar iluntzera bitartean Bilboko Conde Mirasol kaleko La Brocha galerian ikusgai egongo dena.

EHUko Arte Ederretako Fakultatean sortzen den ikerketa proiektu baten parte da erakusketa hau. Hainbat irakasle eta ikasleek osatzen dute Enbidia (www.enbidia.blogspot.com) taldea, artetik abiatuta ikerketa ezberdinak burutzen ari dena. Azaroaz geroztik bi asteko erakusketak ere egiten ari dira.

«Por qué los hombres no escuchan y las mujeres no entienden los mapas» liburu «kaskar horretatik» hartu zuen ideia Del Vallek, zenbait aspektutan sakontzeko: emakumea eta generoa, gizarteak natura nola tratatu duen, «orain zer egiten dugun eta lehen nola tratatzen genuen...». Eta naturaren gaia ikertzeko, Praileaitz inguruan ibili da, bertakoei galdetuz, argazkiak eginez... Irudia, instalazioa, eskultura eta maketa bat biltzen ditu, guztia hizkuntza poetiko eta metaforiko batean, «zientifikoki ez dut berreraikitzerik bilatu».

Artistaren esanetan, erakusketa hauek unibertsitatean egiten duten lana erakusteko eta hausnarketa bultzatzeko balio dute. «Harrobi batek jan egin du mendi oso bat eta mendi horretan aurkikuntza batzuk baziren, milaka urte egon dira hor eta orain arriskuan daude», azaldu zuen. «Gure ikerketa egiteko modua artea sortzea ere bada. Ez da teoria bakarrik. Hori ere erakutsi nahi dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo