GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ | Idazlea

Heterodoxoak

Garai hartan 12 urte edo izango genituen. Klasean baztertuta zegoen mutikoari hurrengo egunean palak ekartzeko esan zioten beste mutilek, hala egingo zutela denek. Gezurra: patinak ekarri zituzten eta mutila jolastu gabe geratu zen.

14 urterekin: komunera sartu eta klaseko nesken kuadrilla aurkitu nuen, eztabaidan. Nesketako batek kuadrilla aldatu behar zuen, baina inauteriak zetozen, pare bat egunetan, eta erosita zeukanez ikastolako neskekin ateratzeko mozorroa haiekin atera nahi zuen, ez aurki kuadrillakide izango zituenekin. Eskubidea ote zuen lagunak abandonatu zituen traidoreak azken egun batean haiekin ateratzeko? Txiza egin eta akelarrearen emaitza jakin gabe atera nintzen.

Euskalduna izanda kuadrillarik ez izatea anputazio gisa eta lotsaz bizi nuen arren, ikastolan ez nuen talderik. Beldurtu egiten ninduten. Ez diot harrotasunez. Taldean baino ezin gara bizi, eta lagunekin zoriontsu izan naizenean baino zoriontsuago ez naiz inoiz izan. Baina izutu egiten ninduen taldearen epaiketarako eta bazterketari men egiteko gaitasunak. Horregatik, aspaldi ikastola atzean utzita, gehien harritzen nauen kontuetarikoa zera da: epaituen eta jolas-orduan bazterturikoen mendeku petrala. Inkisidoreen mozorroa jantzi eta garaileen inauterietan haiek baino harroago ibiltzen ikusi ditut batzuk. Ez zuten, beraz, hegemonia gorroto, botere jokoan zuten eserlekua baino.

Leku guztietan gertatzen da taldeak sektara jotzea edo euskaldunon barne-abadearen keriak dira? Hegemonien kontra algaraka dabilena kondenatua dago hegemonien algara sortzera? Aitor dut: ortodoxiaren kanonikoak baino heterodoxiaren ortodoxoek haserretzen naute gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo