GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega I Euskal Herriko Liga

Etxalekuko probak bidea argitu beharko luke

Igor Esnaola eta Alatzne Etxaburua izan ziren lehen jardunaldiko bi irabazleak. Gaur 17.30etatik aurrera jokatuko den jardunaldian gauza bera egingo balute, txapela ia-ia poltsikoan izango lukete.

p044_f01_97x164.jpg

Jon LEUNDA I

Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Etxalekun, 17.30ean. Bertan neskak eta mutilak neurtuko dira, eta nazioarteko eran arituko dira. Beraz, azkartasuna eta txukuntasuna uztartuko dira. Ez du balio azkar eta narras mozteak, bestela zigorra eransten zaiolako bakoitzak egindako denborari. Hortaz, azkar ebakitzeaz gain, oso txukun ere moztu beharko dituzte sailak, bai, behintzat, sailkapeneko lehenengo postuetan ibili nahi dutenek.

Mutilek 100 metro karratuko sail bana moztu beharko dute, eta neskek, berriz, 35 metro karratuko bana. 16 urtez azpiko mutilek ere 35 metro karratuko sail bana ebaki beharko dute.

Pasa den igandean jokatu zen lehenengo jardunaldia Tolosan, eta mutilen mailan oso lehia ederra izan zen. Igor Esnaolak lortu zuen garaipena, eta Legorretakoak oso garbi erakutsi zuen txapela lortzeko ere faborito nagusietakoa dela. Saila hiru mailatan ebaki zuen, eta hori beste inork ez zuen lortu. Garbi utzi zuen bera gainditu nahi duenak sekulako lana egin beharko duela.

Jexuxmari Goenaga izan zen bere atzetik, eta errezildarrak txapela nahi badu, gaur aurretik geratu beharra dauka, bestela ez baitu erraza izango txapela lortzea. Mitxelena eta Altzo ere aurrean izan ziren, eta oraindik ere lehian direla argi eta garbi erakutsi zuten Tolosako lehen saioan. Aurrenak izatea nahi badute, ordea, garaipena eskuratu beharra daukate, hiru jardunaldiko ligaxka azkar batean aukera gutxi izaten baitira, eta denak aprobetxatu behar dira, amaieran lehenengo postu horietan egon nahi baldin bada.

Emakumezkoetan Arrate Garin zen txapela lortzeko faborito nagusia, baina Legorretakoak ezin izan zuen lehen jardunaldian aritu, lan arazoak medio, eta orain oso zaila izango du lehen postu hori eskuratzea. Pasa den asteburuan Alatzne Etxaburuak irabazi zuen. Oso lan ona egin zuen, eta Liga irabazteko faborito nagusi bihurtu zen. Gaur ere lan ona egin beharra dauka. Ezeren okerrik ez duela Garin gaur Etxalekun izango da, baina orain horrek ez lioke eragin handiegirik egin behar Etxaburuari, dena bere esku daukalako. Pasa den astean izena emandako batzuek huts egin zuten, eta gaurkoan denak han izatea espero zuten Almitza Elkarteko antolatzaileek.

Etxalekuko saioa amaitutakoan, Liga bukatzeko beste jardunaldi bat besterik ez da geratuko, eta hori Zaldibian izango da uztailaren 22an. Beraz, sailkapena ere zehazten joan daiteke gaurko saioaren amaieran.

Torneoa

Nafarroako Iparraldeko Jokoen bigarren jardunaldia jokatuko da bihar Uharte-Iruñean, 13.00etan. Lehen jardunaldian bezalaxe, zazpi modalitate desberdinetan jardungo dute nafar kirolariek: lokotx-biltzen, ingude-altxatzen, txinga-eroaten, harri-jasotzen, lasto-jasotzen, orga jokoan eta zaku lasterketan. Probak banakakoak izanen dira eta guztira hiru jardunaldi jokatuko dira liga sistema erabiliz. Hirugarren eta azken jardunaldia, berriz, Burgin jokatuko da, uztailaren 1ean.

Ondategin jarriko da abian Txapeldunen Liga

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga abian jartzera doa, eta lehen jardunaldia bihar bertan jokatuko da Ondategin, 12.30ean. Floren Nazabal eta Donato Larretxea lehiatuko dira lehen jardunaldian. Lehiaketa honetan Bakarkako Urrezko Aizkorako aizkolaririk onenak neurtuko dira. Sei proba ezberdin egin beharko dituzte, eta, guztietako denborak batu ostean, denborarik onena duenak irabaziko du.

Bigarren jardunaldia, berriz, asteazkenean jokatuko da Hernanin, 12.30ean, eta han Iñaki Azurmendi eta Unai Otaño lehiatuko dira. Hirugarren jardunaldia Berriatuan izango da uztailaren 1ean, eta orduan Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira. Denek proba berak egin beharko dituzte . J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo