GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baiona Handiko eskola elebiduneko gurasoek bi lanpostu erdiren murrizketa salatu dute

p020_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Baiona Handiko Albert Ier eskola elebiduneko gurasoek Paueko Akademia Ikuskaritzak datorren irailean hasiko den ikasturtean irakasle lanpostuak murrizteko erabakia hartu duela salatu zuten atzo. Frantseseko postu erdi bat eta zailtasunak dituzten haurrak laguntzeko RASED irakasle postu erdia daude arriskuan.

Gurasoek murrizketak ez dituztela onartuko nabarmendu nahi izan zuten atzo Baionan egindako agerraldian. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren ordezkaria den ikuskaritzaren jarreraren aurrean bai irakaskuntza elebakarra bai elebiduna aukeratu duten familiek egin egiten dutela bat nabarmendu zuten. «RASED lanpostuaren murrizketak arazoak eragingo ditu zonaldeko antolaketa pedagogikoan, bereziki ama-eskolako umeentzat», argitu zuten. Eskolako haur kopurua emendatu egin dela ere gogoratu zuten, eta, ondorioz, ikuskaritzaren erabakia ulergaitza dela erran zuten. «Ikuskaritza otsaileko datuetan oinarritu da erabakia hartzeko. Geroztik kopuruak emendatu egin dira. Gainera, irailean hasiko den ikasturterako izen emateak ez dira oraindik bukatu», esan zuten.

Izenpetze kanpaina

Gurasoek ekimenak hasi dituzte Paueko Akademia Ikuskaritzari lanpostuak mantentzeko exijitzeko. Izenpetze kanpaina bat abiatua dute, eta, dagoeneko, 150 sinadura bildu dituzte.

Gainera, gutun bat helaraziko diote ikuskaritzari. Eskutitza Baionako hautetsi, kontseilari eta diputatuei bidaliko diete, baita Euskararen Erakunde Publikoari eta Ikas-Bi guraso elkarteari ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo