GARA > Idatzia > Kultura

Kilometroak jaiak kanta eta bideoa ditu jadanik DenONa taldearen eskutik

p054_f02_088x071.jpg

GARA |

Kilometroak jaiko kantuak izaera herrikoia hartu du aurtengoan. Andoaindarrez osatutako DenONa taldeak hartu du Gipuzkoako ikastolen aldeko festa musikatzeko ardura. Atzo aurkeztu zuten prentsaurrean goizean, eta, jendaurrean, gauean izandako zuzeneko kontzertuan. Egitasmo baten baitan kokatu zuten atzo parte hartzaileek kantuaren izaera. Izan ere, ikastolen mugimenduaren sorreratik oinarrizko filosofia izan dena aintzat hartu dute taldekideek lanean aritzerako orduan; elkarlana eta auzolana.

Hala, jatorri ezberdinetako andoaindarrek osatutako taldea da DenONa. Idazle, musikari, kantari eta kazetariek osatu zuten hasiera batean proiektua, Ariane Kamio kideak atzo adierazi zuenez. Kantuaren sorkuntzan eta osaketan lanean jardun ziren hasiera batean bederatzi lagun, eta, ikastolak beren abestia hautatu ondoren, grabaketarako proiektua handitzea erabaki zuten, parte hartzea ahalik eta zabalena izan zedin.

Hala, grabazioan parte hartu dute Iñigo Garrido R taldeko kideak, Mikel Moreno Kautakoak, Ixiar Oreja abeslariak edo Joxe Mari Oiartzabal tronpeta jotzaile eta 1990. urteko Kilometroak jaiko kantuaren konpositoreak. Guztiak ikasle edo guraso izandakoak dira. Etorkizunaren sinbolo diren egungo ikasleek ere parte hartu dute.

Kantuari dagokionez, «publiko zabalari atsegina egingo zaion abestia» egitea izan dutela helburu azpimarratu zuen Kamiok. Hala, ska erritmoak eta kubatar ukituak biltzen ditu, eta haizezko instrumentuek berebiziko garrantzia hartzen dute.

Herritarretatik herritarrengana sortutako lana denez, abestia euskaltzale ororengan heldu eta norberak bere egitea nahi dute DenONa taldekoek. Hala, Kilometroak.com web orrialdean kantuaren partitura guztiak zintzilikatu dituzte kantuaren zabalpena bideratzeko. Atzoko ekitaldian Pixel ekoiztetxeak egindako bideoklipa ere aurkeztu zuten. Kantuaren filosofia berberari jarraituz, herriko eragile ezberdinen parte hartzea izan du xede bideoklipak ere. 2012. urteko Kilometroak Andoaingo Aita Larramendi ikastolaren alde egingo da, urriaren 7an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo