GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | ARBIZU

Ahalik eta jai garbienak izatea erronkatzat hartuta bota dute txupinazoa Arbizun

Jaiak ahalik eta garbienak izateko asmoarekin plastikozko edalontziak erabiliko dituzte Arbizun, Sakanako herriko Udalak eta bertako tabernariek lorturiko akordioari esker.

p021_f02.jpg

GARA | ARBIZU

Jaiak ahalik eta garbienak izateko helburuarekin hasi zituzten atzo festak Arbizun, udaletxeko balkoitik piztu zuten suziriarekin. «Zaborrik onena sortzen ez dena» leloa erabiliz Sakanako Mankomunitateak plastikozko edalontziak prestatu ditu eta Arbizuko Udalak akordioa lortu du herriko tabernekin horiek erabil ditzaten.

Ekimenaren helburua festetan ahalik eta zabor gutxien sortzea da. Epe laburrera atez ateko bilketa ere martxan jarri nahi dute herrian ahalik eta zabor gutxien biltzeko helburua egunerokotasunera eramateko.

Horrekin batera, aurtengo Arbizuko San Juan festetako beste berrikuntza nagusienetakoa antolakuntzari dagokio. Orain artean, Udalak hartzen zuen jaiak antolatzeko ardura, baina, aurtengoan, herrian antolatutako batzorde baten esku egon dira jaietako prestatze lanak. Besteak beste, Gazte Asanbladak, musikariek, erretiratuek eta tabernariek hartu dute parte aurtengo Arbizuko jaiak antolatzeko lanetan.

Txupinazoa piztu eta gero, arbizuarrek San Juanera igotzeari ekin zioten, Jaiak txarangarekin batera. Bertan, Arbizuko eta Etxarriko abesbatzen doinuekin gozatzeko aukera izan zuten. Ostean, 20.30ean, Maria Lonbreren «Zaldiya»-ren txanda iritsi izan zen. 21.00ak aldera, berriz, San Juandik jaisten hasi ziren herritarrak. Afaldu eta gero, dantzaldia izan zen plazan Tximeleta taldearen eskutik, goizeko ordu txikiak arte.

Gaur, berriz, jaitako egun handia ospatuko dute Arbizun, San Juan Eguna. 10.00etan, Jaiak txarangako kideak izango dira diana jotzeko arduradunak. 11.30ean, berriz ere San Juanera igoko dira arbizuarrak eguerdiko meza nagusian parte hartzeko. Haurrentzako tailerrak ere izango dira eguerdian, eta, 13.00etan, aatea izango da Alda Biden. Ordu erdi geroago, Elai Alai dantza taldea arituko da, eta, 14.00etan, txarangaren txanda izango da berriz ere.

Jaiak txarangak kalejira egingo du Arbizuko kaleetatik 17.00etatik aurrera ere, eta, ordu berean, haurrentzako tailerrak izango dira berriz ere. 20.00etan aate berri bat izango da eta buruhandiak ere arituko dira. Ordu erdi geroago, omenaldia eskainiko zaie sokatiralariei. 20.30ean Laket taldearen dantzaldia hasiko da 22.00ak arte. Bapo afaldu ondoren, dantzaldiaren bigarren zatiari ekingo zaio, gauerditik goizaldeko hirurak arte.

Argazki lehiaketa

Arbizuko Udalak aurtengo San Juanetako argazki onena aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Arauek adierazten dutenez, edonork har dezake parte lehiaketan. Hori bai, aurkeztutako argazkiak aurtengo jaietan ateratakoak izan behar dira. Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere bost argazki aurkez ditzake. Argazkiak aurkezteko epea hilaren 28an, gaueko hamabietan, amaitzen da. Argazkiak Arbizuko udaletxeko postontzian utzi behar dira.

Lehiaketako argazkiak CD batean aurkeztu behar dira. CDak ez du egilearen izenik izan behar eta kartazal itxian sartuta aurkeztu behar da. Bertan, soilik lelo edo goitizen bat jarriko da. Kartazal horren barruan beste kartazal txikiago bat sartuko da; kanpoan kartazal handiko lelo edo goitizen bera jarri beharko da eta barruan egilearen izena eta telefonoa.

saria

Arbizuko sanjuanetako argazki lehiaketako irabazleak Olatzea landa hotelean bi lagunentzako afaria jasoko du sari bezala. Saritutako argazkiaren jabetza Udalaren esku geratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo