GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surfa

Lateralitatearen afera: «Goofy» edo «natural», ezker eta eskuin surflariak, aurrez aurre

Surf egiten hasten den edonork egiten duen lehen galderetako bat da hauxe da :«Zein oin jarri behar dut aurrean eta zein atzean». Oinak jartzeko moduak surflariaren jarrera definitzen du. Atzeko oinaren arabera, ezker edo eskuin surflaria den esaten da. Ezker surflariak gutxiengoa dira, «goofy» deitzen zaie, «tonto» alegia. Gehiengoa berriz, eskuin surflariak dira, horregatik deritze «natural».

p046_f01.jpg

p046_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Nola jakin surf egiteko norberaren jarrera egokia zein den? Zein oin jarri aurrean? Zein atzean? Surf egiten hasi berria den edonork sarri egin ohi duen galdera da.

Erantzuna ordea, konplexua da; izan ere, ez dago mundu guztiari balio dion formularik, gizakia bera, oso konplexua baita. Ez dago beraz, denentzat balio dezakeen erantzun zehatzik.

Batzuek esaterako, surf egiteko oinak modu batean eraman ohi dituzte, eta skatean ibiltzeko kontrako zentzuan jartzen dituzte, edo snowboard egiteko, edo alboka egiten den beste edozein kiroletan ere jarrera desberdina izan dezakete. Beste batzuek aldiz, gehienek, lateralitatea mantentzen dute eta beti jarrera berean aritzen dira.

Snowboard edo surf irakasleek egiten duten ohiko proba zera izaten da, ikasleari gibeletik bultza eta ikasleak nola erantzuten duen ikusi.

Ikaslea aurre aldera erortzen da, eta oin bat aurreratu behar du, muturrez aurrera erori nahi ez badu behintzat. Momentu horretan aurreratzen duen oina, esaterako, ezkerra bada, oin hori bera taularen aurrealdean eraman behar duela esango dio irakasleak.

Irakasleak ikasleak oinak nola eraman behar dituen jakiteko egiten duen beste galderetako bat hau da: sokatiran egiteko ikasleak zein jarrera lehenetsiko lukeen. «Sokatiran egiteko, zein oin jarriko zenuke aurrean? Zein atzean? Ba, horrela, modu berean egin beharko zenuke surf», erantzungo du irakasleak.

Aipatu bi metodoak nahiko eraginkorrak dira, baina hasieran esan bezala, ez dira guztiz fidagarriak; izan ere, gibeletik bulkada jaso duen norbaitek oin bera aurrera dezake bulkada jasotzen duen bakoitzean, edo sokatiran aritzeko beti jarrera bera izan dezake, baina lerra-kirol desberdinetan jarrera desberdina izan dezake, surfean alde batera jar daiteke adibidez, eta skatean bestera.

Atzean jartzen den oinak zehazten du, ordea, norberaren izaera. Alegia, atzean daramagun oinaren arabera izango gara «ezkerrak» edo «eskuinak», «goofy» edo «natural».

Eskuin oina atzean jartzen dutenei, «regular» edo «natural» deitzen zaie, zeren eskuin oina atzean jartzen dutenak gehiengoa dira, bai txapelketa mailan, baita orokorrean ere.

Ezker oina atzean jartzen dutenei, esan bezala, «goofy» deitzen zaie eta izen horren jatorria bitxia da. 1937an, Walt Disneyk argitaratu zituen marrazki bizidunak daude izenaren iturburuan. «Hawaiian Holiday» izeneko kapitulu batean Goofy izeneko zakur bat surf egiten agertzen zen eta eskuin oina zeraman aurrealdean. Ordutik, Goofy bezala surf egiten dutenei haren izenez deitzen zaie.

Ingelesez goofy hitzak «tonto» esan nahi du, beraz ezker surflariei, ingelesez, tonto deitzen zaie.

1964tik zortzi izan dira munduko titulua eskuratu duten goofyak edo ezker surflariak: Rolf Aurness, Blears Jim Carroll Tom, Damien Hardman, Lynch Barton, Derek Ho, Occhilupo Mark eta CJ Hobgood.

Munduko titulua eskuratu duten eskuin surflariak, edo surflari «naturalak» berriz, hamalau dira: Midget Farrelly, Felipe Pomar, joven Nat, Fred Hemmings, Townend Pedro, Shaun Tomson, Bartolomé Wayne, Mark Richards, Tom Curren, Martin Potter, Kelly Slater, Sunny Garcia, Andy Irons y Mick Fanning.

Zortzi goofy eta 14 natural; aldea handia da. Munduko titulua eskuratu zuen azken goofya C.J. Hobgood izan zen, 2001ean. Beraz, azken hamaika urtean ez da izan ASP munduko titulua eskuratu duen ezker surflaririk.

Naturak eskuin surflari gehiago zergatik sortzen ote dituen maiz galdegin izan du jendeak eta teoria anitz aurkeztu izan dira, baina erantzunak konplexuak dira.

Olatu famatu batzuetan aurpegiz edo bizkarka surf egitea errazagoa den galdetzea ere ohikoa da. Galdera behin eta berriz egin dute munduko ASP itzuliko antolatzaileek; izan ere, horren arabera, mundu mailako txapelketen zirkuitua non egin behar den kontuan hartu eta denentzat aukera berberak eskaintzen dituen itzulia osatzea dute helburu.

Txapelketetako lekuak aukeratzeko orduan lateralitatearen irizpideak garrantzia du beraz, baina lehiakideek beraiek dioten moduan, leku berean, berezitasun guztiak kontuan hartuta ere, erantzuna beti oso erlatiboa da.

Txapelketen historian, orokorrean, eskuin olatu gehiago izan dira ezker olatuak baino. Txapelketak egin izan diren munduko olatu famatuen artean, horrenbestez, eskuin olatu gehiago dago.

Nick Carrol surflari eta idazle famatuak teoria interesgarri bat du gai honen inguruan: «Bai Australian bai Kalifornian, longboardean ibiltzeko olatu onenak eskuin olatuak ziren, eta dira. Oholtzarrean ez da jarrera finko bat behar, oinak etengabe mugitzen dira lekuz, baina taula txikia agertu zenean, surf egiteko modua aldatu zen, eta surflariak bere surfa egokitu behar izan zuen».

«Surflari asko, nahiz eta berez, bihotzez, ezker surflariak izan, eskuin jarreran surf egiten hasi ziren, instintiboki, olatuari aurpegiz surf egitea errazago zitzaielako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo