GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | Irungo San Martzialak

Irungo San Juan plaza eraberritua, festetako bihotz berriz ere

San Juan suaren lekukoa hartu eta gero, gaur xahutuko dute sanpedroek azken eguna Irunen, bihar sanmartzialek bereganatuko baitute irundarren arreta osoa. Festak Irun osoko kaleak hartzen baditu ere, San Juan-Etxeandia plaza gune ezinbestekoa da bertako jaietan, eta, aurten, gainera, bere aurpegirik onena erakusten du plaza historikoak behin hiru urteko zaharberritze lanak amaituta.

p022_f01.jpg

GARA |

Laburra dena bi aldiz hobea dela esan ohi da. Irundarren egutegiak, berriz, hori beti ez dela horrela iradokitzen du eta salbuespenak egon badaudela. Festen kasuan hala gertatzen da Bidasoaren besarkada jasotzen duen hirian. Udako solstizioarekin batera San Juanak ospatu ostean -larunbatean, esaterako, ehunka gazte bildu ziren Ficoban egin zen bazkari herrikoian eta suaren inguruan milaka pertsona elkartu ziren udaletxearen aurrean-, gaur bertan amaitzen diren San Pedro jaiek hartu zuten lekukoa.

Gaurkoan, San Pedro eguna ohiko dianarekin hasiko da Irungo hainbat auzotan, 08.00etan. Goiz hasiko da jardunaldia, baina oro har nahiko lasai igaroko da, izan ere, irundarrek hainbat festa egun daramatzate soinean jada, eta, gainera, indarrak gorde beharra dute hurrengo egunei begira: San Martzial jaiak ate joka dira!

Ekainari amaiera ematen dion eguna garrantzitsua da oso irundarrentzat, eta hiria ondo baino hobeto prestatzen dute hitzordurako. Aurten, hain zuzen, trajerik dotoreena jantzi du San Juan-Etxeandia plazak, hiru urtez birmoldatze lanetan egon ostean dagoeneko obrak amaituta baitaude.

Plazak ez du ez nolanahiko protagonismoa San Pedro eta San Martzial jaietan, bi hitzorduotan ekintza garrantzitsuak egiten baitira bertan, Irungo Udaletik GARAri Daniel Ocasarrek azaldu dionez. Halaber, sanjuanetako sua ere bertan pizten da. Plazaren eta inguruko espazioaren urbanizazio lanei esker, gainera, eremu berde eta topaketarako leku berriak sortu dira, eta, ondorioz, jende gehiagok izango du aukera enparantzan gertatzen dena bertatik bertara ikusi ahal izateko.

Irundarren erosotasunerako, bertaratzen direnek espazioaren berritzearekin bista hobeak izango dituzte, gertatzen denaren xehetasunik ez galtzeko. Iaz, aurreko bi urteotan bezala, ikusmira pribilegiatua gutxi batzuek bakarrik izan zuten; udaletxeko balkoian bildu ziren ordezkari politikoek. Bien bitartean, lanak zirela-eta, San Juan plazara bertaratzen ziren herritarretako askok ez zuten ez horrelako zorterik.

Hiritarrek enparantza eraberrituari eman dioten harreraz galdetuta, bereziki festak aintzat hartuta, Ocasarrek adierazi du obrak prozesu parte hartzaile baten emaitza izan direla, eta, bertan, gehiengoak azkenean gauzatu den proiektua hautatu zuela. «Orain arte espazio honetan festen barruan egin diren ekintzetan -erantsi du-, jende asko etorri dela ikusi dugu».

Iturri berberek gogorarazi dutenez, egunotan ezin da autoa gertuko San Martzial kalean aparkatu, eta, 20.00etik aurrera, trafikoa itxita geldituko da -kale honek San Juan eta Urdanibia lotzen ditu-. Horrenbestez, ibilgailuek ezingo dutenez bertatik zirkulatu, Irungo herritarrek beste espazio bat izango dute festez gozatzeko.

Artikulu honetan protagonista den espazio publikoaren garrantzia, hala ere, ez da gaurkoa, aspaldikoa baizik; mendeetan atzera joan beharra dago. Gerrek eta liskarrek hamaika pasadizo utzi dituzte eta San Juan plazak oraindik ez du bakar bat ere ahaztu.

Gertaeren gordailu

Plazaren historiak 1564. urtean du abiapuntua, kontzejuak San Juanetako zuhaitza ipini ohi zen tokian harrizko zutarri bat jartzeko erabakia hartu zuenean. Hain justu, zutarri bat jartzeko erabakia hartu zutenetik abian jarri zen leku hura gaur dena bihurtuko zuen prozesua, biztanleek eurek bultzatua.

Irungo Udaleko webgunearen arabera, harrizko zutarrian zizelkatutako sei armarrien inguruan egindako ikerketetatik ondorioztatu dutenez, oroitarria Hondarribitik bereizi izana ospatzeko eraiki zuten irundarrek. Hala ere, Irunek alboko herriaren mende bizitzen jarraitu zuen, bai arlo zibilean bai zigor arloan, 1766. urtera arte. Hori horrela izanik, zutarria iraingarria zen hondarribiarren irudikoz eta onartezintzat irizten zuten euren mendekoa zen herrixka batean horrelakorik izatea. Nahi edo gurari hura apur bat ezkutatzeko edo, zutarriaren gainean santu bat jarri zuten irundarrek, zutarriari itxura erlijiosoa, gurutze tokiaren itxura, emateko asmoz.

Pixkanaka, gune honetara bilduko zen Irungo hirigunea; horretan zuzeneko eragina izan zuen Santiagoko portuak bere erakarri komertziala galdu izanak eta orduko San Juan kaleak baldintza hobeak izateak. Baina, batez ere, Irungo hiriak jasandako ezbehar handienetako batek eragin zuen, kontakizun honen arabera, leku aldaketa: 1638. urteko frantsesen erasoaren ondorioz 248 etxe eta baserri, lau ola eta irina egiteko hamalau errota erre ziren. Egoera aprobetxatu eta hirigune berri bat osatu zuten irundarrek, ekonomia nahiz politikaren esparruan garrantzi handia hartuko zuen hirigune berria osatuz.

Plazaren historia ia hasieratik agertu da gerra eta suntsipenei loturik. 2009. urtean ezagutu zen leku aldaketa izan zen plaza nagusia berritzeko hondamendi bat aprobetxatu ez zen aukera urrietako bat. Horrez gain, kontzeju-etxe berri bat eraiki zutenean ere izan ziren aldaketak; elizaren parean zegoen aurrekoa txiki gelditu eta 1756an berri bat eraikitzeko baimena eskuratu zuten. Obra hori aprobetxatu eta udaletxeari espazio berezi bat eman zioten San Juan plaza eratuz. «Orduan bai, dena zegoen bertan. Soilik hamar urte geroago, Irungo hiriak independentzia lortu zuen, eta independentziaren ikur biak -San Juan Harria zutarria eta udaletxea- elkarrekin eta kalterik jasan gabe iritsi dira gure garaira arte».

Plazak bere jantzi dotoreena jantzita, orain irundarrek beste hainbeste egitea besterik ez da falta, betiere buruan txapel gorria eta soinean jai giroa izanik.

zein da izena?

1979an jarri zioten plazari San Juan Harria izen ofiziala, baina hamaika deitura izan ditu, esaterako, Isabel II.aren Plaza (1859). «La Gloriosa» iraultzaren ostean «Soberanía Nacional» izena hartu zuen 1868an. Alfontso XIII.a (1916) eta Errepublika Plaza (1931) izenak ere izan ditu.

Jaizkibelgo harria

Jai erlijiosoetako ekitaldi gune nagusi izateko asmoz, San Juan plazako zutarria eraikitzeko baimena lortu zuen Irunek, eta, horretarako, Jaizkibeldik eraman zuten harria. Zutarriaren goiko santua ez da jatorrizkoa eta gutxienez bitan aldatu dute: 1850ean eta 1980ko hamarkadan.

Gaur

08.00 HAINBAT AUZOTAN.Ohiko San Pedro eguneko diana Irun Hiria musika bandaren eskutik. Beste auzo batzuetan ere diana egongo da Uranzuko dultzaineroen eskutik.

09.30>COLON IBILBIDEA.XX. San Pedro Saria Irungo Klasikoa. Elite mailako eta 23 urtez beheko txirrindulariek hartuko dute parte.

10.30> san juan plaza. Udalbatzari jarraituz egingo da irteera Junkaleko Andre Mariaren elizaraino.

11.00>junkaleko andre mariaren parrokiako eliza. Meza nagusia.

12.00>junkaleko plaza txikia. Aurreskua .

12.30>san juan plazako arkupeak. San Pedro eguneko ohiko kontzertua, Irun Hiria musika bandaren eskutik.

16.30>meaka. Erromeria eta toka auzo elkartearen eskutik.

21.00>txanaleta plaza. Kalejira Irun Hiria musika bandak eta Los Perolas eta Los tranquilos fanfarreek eskainita. ibilbidea: Colon ibilbidea, Foruen karrika eta Karrika Nagusia igaro eta gero, San Juan plazaren inguruan amaituko da kalejira.

21.30>kaleetan barrena. Los Perolas eta Los tranquilos fanfarreak.

22.00>gipuzkoako hiribidea. Lastargien ekintzaren oroitzapen ekitaldiak. irteera: Anbulategia. ibilbidea: Artaleku, Karrika Nagusia, San Juan, San Martzial, Sarjia, Larretxipi, Ermita, Arbesko Errota eta Artiako zubia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo