GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | apatamonasterio

Apatamonasterioko jaiak abian dira herritarrak mugiarazteko asmoarekin

Makala igotzearekin batera hasi ziren atzo Atxondon Apatamonasterioko San Pedro jaiak. Aurten, Gazte Egunaren ordez Koadrillen Paella Txapelketa antolatu dute gazteez gain ahalik eta herritar gehien erakartzeko.

p028_f02_149x093.jpg

Jon ADAN | ATXONDO

Herrira mugimenduak 20.30ean txupinazoa bota ondoren, ohi bezala makala igota eman zioten hasiera atzo Atxondon Apatamonasterioko San Pedro jaiei. Aurretik, kalejira herrikoia eta txopotxiki ekitaldia izan ziren Apatamonasterioko plazan. «Herrian ohitura dugu betidanik jaiak hastean makal edo txopo bat altxatzeko. Hori dela eta, badira urte batzuk umeek ekintza berbera egiten dutela Marisurrike aisialdi elkartearen eskutik», Vanesa Calvo Atxondoko Jai Batzordeko kideak azaldu digunez.

Gaur, 11.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 17.30era, puzgarriak izango dira herriko igerilekuan. «Berritasuna da puzgarriena, lehen aldiz izango baitira. Txikienek gozatzeko aukera bikaina izango dute», esan digu Vanesak. Bestalde, 11.00etan eta 16.00etan, nesken pilota partidak izango dira frontoian.

Ostean, behin 20.30ak aldera tortilla eta bakailao txapelketak amaituta, gau kubatarra ospatuko da plazan, Habana 357 taldearekin. «Dantza kubatarrak irakasten saiatuko dira Euskal Herrian bizi diren lagun kubatar hauek. Horrela, jendeak gauza berriak egitea nahi dugu», azaldu digu Calvok. Gaueko hamabietan, berriz, Etzilimo taldearekin erromeria izango da gaztetxean.

Herria mugiarazteko, paellak

Bihar, 11.00etatik aurrera «Inguru Abentura» ekitaldia izango da plazan, rokodromo eta tirolinarekin. 14.00etan, bestalde, Koadrillen Arteko Paella Txapelketa ospatuko da lehen aldiz. «Aurreko urteetan Gazte Eguna ospatzen genuen, baina aurten paella txapelketa antolatzea erabaki dugu. Mozorro Eguna eta Koadrillen Eguna ospatuko dugu, baina ez bakarrik gazteei bideratuta; herriko jendea ere mugiarazi nahi dugu», nabarmendu du Calvok. Koadrillen Olinpiadak 19.30ean izango dira, eta, ondoren, batukada brasildarra izango da. Gauean, 22.30ean, kontzertuak izango dira Atxondoko gaztetxean.

Igandean, berriz, 10.30ean herriko txistulariekin kalejira izango da, eta, 17.00etan, Irrien Lagunak erromeria ospatuko da Apatamonasterioko plazan. Jaiak bukatzeko, makala bota ondoren, saiheski jana antolatu dute. 22.00etan, berriz, Deabru Beltzak talderen antzerkia izango da.

Vanesa Calvok nabarmendu duenez, «herritarren inplikazio handiagoa» lortzea izan dute helburu aurten: «Gutxi batzuk ibili gara herriko jaiak antolatzen eta herritarrak animatzea gustatuko litzaiguke, horregatik antolatu ditugu paella txapelketa bezalako ekitaldiak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo