GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskak auzitara eraman du Lekuineko Herriko Etxea

Seaskak Lekuineko Herriko Etxea auzitara eraman du ikastoletan eskolatutako haurrentzat legez eskuratu behar lituzkeen diru laguntzak ukaiteko. Haur eta urteko 500 eta 1.000 euro inguruko ordainketa eskatu du. Antzeko arazoak ditu Seaskak beste udal batzuekin ere.

GARA |

Joan den asteazkenean iragan zen Paueko Auzitegi Administratiboan Seaskak Lekuineko Herriko Etxearen aurka jarri duen auzia. Hain zuzen ere, ikastoletan eskolatutako Lekuineko hamar bat ikaslerentzat bost urtez diru laguntzarik eman ez izana leporatu dio Seaskak Lapurdiko udalerriko Herriko Etxeari.

Seaskak auzitegietan exijitu duen diru zorra herriko etxeek herriko eskolako haurrentzat ematen duten diru laguntzaren edo departamenduko bataz bestekoaren arabera finkatzen da. Datu horietan oinarrituz, Seaskak ikastoletan eskolatutako haur bakoitzarentzat urteko 500 eta 1.000 euro artean ordaintzea eskatu dio Lekuineko Herriko Etxeari.

«Haurrak eskolatzen dituzten ikastetxeei diru laguntza bat ematera derrigortuta daude herriko etxeak», gogoratu du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. «Lekuinek ez du horrelakorik egin, gure irudiko, aldiz, legez horrela egitera behartuta zen», azaldu du Indok.

Uztaritze ere antzeko egoeran

Egoera argitzeko Lekuineko auzapezarekin harremanetan jartzen saiatu zen Seaska, baina, erantzunik ez zuenez ukan, auzitara joatea erabaki zuen. Auzian, fiskalak bat egin zuen Seaskaren eskakizunarekin, baina, aldiz, uztailaren 10era arte itxaron beharko da emaitza ukaiteko. Lekuinekoa ez da Seaskarekin liskarrak dituen herriko etxe bakarra. Uztaritzeko Herriko Etxeak ere diru «parrasta» zor diola jakinarazi du Seaskak. «Herriko Etxeak diru laguntza ematen zigun, baina ondotik parte bat berriz hartzen zuen baliorik gabeko arrazoiekin. Suprefeturarekin harremanetan gara eta ez badu ezer egiten afera auzitara eramanen dugu», adierazi du Seaskak.

LEHEN AUZIA

Lekuinerekin duen auzia irabazten badu, eredu gisa baliatuko duela jakinarazi du Seaskak. Izan ere, beste herri batzuekin ere antzeko arazoak ditu Ikastolen Elkarteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo