GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Euskal Herriko Txapelketa

Jexuxmari Ormaetxearen itzulera, aurtengo berrikuntza

Kanflanka, Etxeberria, Alkorta, Maguregi, Intxaurbe eta Lizaso ere arituko dira.

p037_f02.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatuko da gaur, 17.00etan, Erratzun, Baigorrirako bidean. Bi multzotan banatuta arituko dira, eta bakoitzeko bi lehenengoek lortuko dute finalerako txartela. Finalerdian ordu erdiko lana izango dute, eta, azkeneko ekinaldia, Leitzan jokatuko da, uztailaren 15ean, 12.00etan. Orduan segalari bakoitzak ordubeteko lana izango du, eta, finalerdiarekin alderatuta, asko aldatuko dira gauzak.

Gaur jokatuko den kanporaketako lehen multzoan, Etxeberria, Kanflanka eta Alkorta neurtuko dira. Multzo oso orekatua da eta hiru lehiakideetako edonork lor dezake azkeneko ekinaldian aritzeko txartela, nahiz eta hasieran Kanflanka eta Alkorta aterako diren faborito.

Bigarren multzoan izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Azkeneko urte hauetan lesioak eta gaixotasunak tarteko ezin izan du parte hartu Jexuxmari Ormaetxeak, baina osatu da, eta, hala, gaur aritzeko moduan izango da. Berarekin batera, Lizaso, Maguregi eta Intxaurbe arituko dira. Gauzak ikaragarri okertzen ez badira, Lizasok eta Ormaetxeak lortu beharko lukete finalean aritzeko txartela.

Bihar, berriz, Zizurkileko Nekola baserriko belardietan jokatuko da Gipuzkoako abiadurako edo Nazioarteko Erako Txapelketa, 18.00etan. Mutilek 100 metro koadroko bina sail ebaki beharko dituzte. Argaia, Alkorta, Dorronsoro, Esnaola, Lizaso, Etxeberria, Jokin Garmendia, Joakin Garmendia, Iraola eta Oier Urkola neurtuko dira. Lizaso eta Esnaola izango dira irabazteko faboritoak.

Emakumezkoek, berriz, 50 metro koadroko bina sail ebaki beharko dituzte. Balda, Etxaburua, Galarraga, Garin, Imaz eta Otamendi neurtuko dira. Arrate Garin legorretarra izango da garaipena lortzeko faborito nagusia, baina Euskal Herriko Ligan Alatzne Etxaburua sekulako lana egiten ari da, eta bera ere oso kontuan hartu beharko da. Euskal Herriko Ligako bi saioak berak irabazi ditu.

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako saioa jokatuko da bihar, 13.00etan, Mungian. Burdin Gazteak eta Las Karreras lehiatuko dira. Bihar arratsaldean, 19.00etan, berriz, Portugaleten lehiatuko dira. Lau talde neurtuko dira nor baino nor.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo