GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren doinua

Gizarte guztietan musikaren garrantzia handia izan da. Esaldi kategorikoak dio abesten ez dakien herria ez dela herri osoa eta ez dakiela zer den irria. Kultura mexikarraren rantxera ezagun batek (XIX. mendekoa, eta hasiera XVII.ean omen du), azken boladan mundializatutako doinua futbola dela-medio zelai askotan irabazleak abesten diolako galtzaileari, hau dio: «Abestu eta ez negar egin, abestuz, nire zerutxo ederra, bihotzak alaitzen baitira» («Cielito lindo»). Kantua, ordea, erromantikoa baino pertsonen jabetzari buruzkoa da, eta hori ez da oso interesgaria. Batez ere, gizarte primitiboetan, kultura ez dutenek, gorde izan dituzte ahozko transmisioan kanturik zaharrenak. Ahoz transmititzen den kulturan abestien iraunkortasuna luzeagoa da. Esate baterako, tupi-guarani eta ianomamien gizarte primitiboetan gaur egun abesten dituzten kantuek batek daki zenbat urte dituzten, milatik gora, herri horiek altxor modura gorde dituztelako bizitzaren jakinduriak abesti bihurtuta. Abesti horietan batzen dira herriaren gorabeherak.

Musika talde askok euren hitzetan aipatuko dute musika beraren eragina. Arabako Errioxako ETS ska taldeak horrela jarri dizkio hitzak musikaren doinuari abesti batean: «Musikaren errotik, sortutakoa, azaldu ezinezko sentimendua. Musikaren itzalean dantzalekua. Musikaren doinua. Herri arteko loturan, eragin dezala. Gure barneko grinak, konpondu ditzala. Irabazi edo galdu, beti zurekin doa. Alde egin edo geratu, beti zure barnean. Punk doinuak, zein blues edo ska musika. Berdin du erabakia, musikaren zentzua». Musikaren autodefinizio bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo