GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

«Postaria»

 

Tipo lasaia da Postaria. Inoiz ez dut ikusi tropelkideekin liskarrean, ez postua lehiatzen, ezta bihurgune edo pasagune estuetan besteen aurretik sartzeko borrokan. Inori trabarik egin ez eta berari ere inork trabarik egingo ez dion postua hartzen du tropelaren atzealdean eta lasai asko joaten da bertan malda askorik ez dagoen etapetan. Presioa ez du gogoko, ez zaizkio batere gustatzen, sardinak latan bezala (PRESINOIEN DOIE ZOZE...), elkarren gainean eta abiadura handian joaten garen etapak.

Bakarti xamarra ote den ere pentsatu izan dut; tropelaren atzealde horretan, taldekide gabe, bakarrik egon ohi da etapa lauetan eta errepidea goraka jartzen denean ere besteen zain geratu gabe egiten du aurrera! Ez du badaezpadako palmaresa beronek, 21 garaipen: Tourrean etapa bi, Espainiako Vueltan azken lau urteetan etapa bana eta mendiko maillota, beste askoren artean. Garaipen guztiak hala eskuratu dituen baieztatzeko datu faltan baldin banago ere, gehientsuenak helmugara bakar-bakarrik iritsita lortu ditu!

Hala ere, horrek ez du esan nahi, besteekin gaizki konpontzen denik edo antzekorik; are gehiago, tropelean errespetatua eta miretsia da. Bere izaera tarteko, ez dut uste Postaria gehiegi kritikatuko duen txirrindulari askorik izango denik tropelean.

Postaria deitzen diot, izan ere, batxilergoa bukatu eta txirrindulari profesional izan bitartean, posta zerbitzuko oposizio bat gainditu eta Pariseko 13. distrituan postari gisa aritu zen. David Moncoutie frantziarraz ari naiz, dagoeneko gehienok asmatuko zenuten moduan.

Bitxikeria ugari ditu Moncoutie jaunak, horien artean meteorologo onenak baino fidagarriagoak diren aurreikuspenak egiten dituela. Isobara mapak interpretatzen eta eguraldiaren joerak asmatzen ere aditua dugu gure laguna! Hona beste bitxikeria bat: presioa ez duela atsegin aipatu dizuet, bada Cofidisek eskaintzen zion dirutzari muzin egin zion soldata baxuxeagoa izan baina sailkapen nagusiak lehiatzeko presiorik ez izatea nahiago zuela argudiatuz, horrela bere gustuko etapak lehiatuz lasaiago ibili ahalko zuela uste baitzuen.

Behin Moncoutieren berezitasun horiek aipatuta, 4. etapan egin zuena azalduko dizuet: aurrez aipatu dizuedan bezala, hasierako egun hauetan egunero azken postu horietan ibili da lasaitasun bila. Bada, 3. etapan eroriko asko harrapatu genituen eta behin eta berriz derrapatzeaz, geratzeaz, eroritako txirrindulariak ahal bezala pasatzeaz eta berriz abian jartzeaz nazkatu egin zen. Eguraldi iragarpena aztertu eta euri arriskua eta haize pixka bat egon zitekeela ikusita, tentsio horri ihes egiteko beste helbururik gabe ihes egin zuen tropeletik. Berak ere bazekien ez zela etapa aproposa bere ezaugarrientzako eta inolako aukerarik ez zuela helmugara iristeko, baina nahiago gorputzari jipoitu bat eman eta bakar xamar ibili tropelaren babesean tentsioan eta urduri joatea baino!

Tipo berezia Postaria. Estimu handia hartu diot. Seguru naiz, Tour honetan ere, berak markatutako etapa horietako batean, balentria handiren bat egingo digula!

Azkenik, ez nuke aukera pasatzen utzi nahi Pabloren balentria aipatu gabe! Zer dira 200 metro 200 kilometro egin ondoren, zer dira Tour osoan, zer dira 5 segundo hiru asteko lasterketa batean... Ez da ezer, baina mundu bat da! Etapa bat irabaztetik ez irabaztera, bizitza ia erabat alda daiteke! Gaurkoan ere ezin izan dugu esku-eskura izan dugun aukera gauzatu, baina lanean jarraituko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo