GARA > Idatzia > Ekonomia

Baionako Hezkuntza Ordezkaritza okupatu dute langile prekarioen egoera salatzeko

p026_f02.jpg

A.M. | BAIONA

Eratu berri den Ipar Euskal Herriko Prekarioen Batzordeko hogei bat kidek lehen ekimena egin zuten asteazkenean Baionako Hezkuntza Ordezkaritza ia bi orduz okupatuz. Ekintza horrekin «kontratu zaborrak» eta administrazioak langileak «kleenex hutsalak» bezala erabiltzea salatu zuten, eta, bide batez, enpleguak behingoz finko bilakatzeko exijitu zuten. Baionako ikuskariaren bitartez beren eskakizunak Pauekoari helarazten ere saiatu ziren, baina, bertan ez zegoenez, ondoko egunetan zehaztuko den hitzordu bat ukango dutela ziurtatu zieten.

Hasteko, «eta berehala», hezkuntzako laguntzaileen (EVS, AVS, AE...) hamarka lanpostuak berritu eta mantenduko direla bermatzea eskatzen dute langile prekarioek. Izan ere, «onartezintzat» jotzen dute jokamolde horrekin inposatzen zaien etengabeko segurtasun gabezia. «Behin-behineko kontratuak ditugu, inoiz ez dakigu noiz berrituko dizkiguten, gure gaitasunak ez dizkigute aitortzen, kategoria aldakorrak ditugu... Egoera jasanezina da», salatu dute kolektiboko partaideek.

Etorkizun iluna

Horrez gain, informazio zehatzik emango dien inor aurrean ez izateak, zalantza iraunkorrean bizitzera derrigortzen dituela ere gogoratu dute. «Prekario izatea bera funtzio edo ogibide bat ote den pentsatzen ere hasiak gara. Egoera honetan, zer-nolako etorkizuna daukagu?» galdetzen dute, Estatu frantsesaren ardura nabarmenduta. Hala, behin-behinekotasuna alboratu eta beren lanpostuak egonkortuko dituzten kontratu mugagabeak exijitu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo