GARA > Idatzia > Kultura

Udate | joerak

Ardoaren kulturaren gailurra

p047_f07_93x66.jpg

Iris MURILLO | GASTEIZ
 
Udako oporrak hurbildu eta denok egiten dugu galdera berbera: «Nora ihes egin?». Tamalez baina, jende guztiak ez dauka ihes egiteko aukera, eta, hala, gure inguruko lurraldeetan igaro behar du uda. Kasu horretan, gure lurraldea hobeto ezagutzeko parada aprobetxatzeaz gain, gure altxorrez gozatu beharra dago, adibidez, Guardiako (Arabako Errioxa) ardoaren kulturaz.

Arabako Errioxa atseden hartzeko eta deskonektatzeko leku ezin hobea suerta daiteke. Izan ere, opor on batzuk igarotzeko ezaugarri denak biltzen ditu; gastronomia ona, kultura aberatsa, paisai xarmantak eta ardo ezin hobea.

Hori guztia erabiliz, Wine Oil Spa Villa de Laguardia hotelak bisitarien zentzumen guzti-guztiak jartzen ditu dantzan. Terraza panoramiko ederrean pasaiaz gozatzea, Errioxako jatorri deiturako ardorik goxoena dastatzea eta spa tratamendu abangoardistak jasotzea dira, besteak beste, hotel honek eskaintzen dituen aukera tentagarrienetako batzuk.

Baina, noski, bisitariak hotelaren mugak gainditu eta ardoaren kulturan erreferente diren beste espazio batzuk ere ezagutu behar ditu. Hala nola, Villa Lucia Ardoaren Zentro Tematikoa; bertan, enologiaren sekretuak modu berritzailean ezagutzeko aukera izango du. Ardoaren iratxoak, Vinfoak, bisitariei mahatsetik atertzen den edari preziatuaren elaborazio prozesua erakusten die, esperientzia sentsorial ikaragarria leherraraziz gainera.

Guardiako udalerria bisitatzerakoan beharrezkoa da upategiak ikustea, bai modernoak bai El Fabulista bezalako upategi tradizionalak ere. Horrekin batera, gomendagarria da ere kale eta bizilekuen azpian dauden lurpeko kalatuak eta kobazuloak ikustea. Izan ere, horietan lurralde honek gordetzen duen Erdi Aroko giroan guztiz murgiltzeko aukera bikaina eskaintzen da, eta, irudimen apur batekin, denboran atzera bidaiatzeko parada ere izango du bisitariak.

Bidaia modu biribil batean bukatzeko, ahosabaiari opari bat egitea da gomendagarriena. Horretarako, Mecdoc Alaves jatetxea sukaldaritza erreferentea da. Bertan, euskal eta errioxar gastronomia modu abangoardista batean nahasten dira, ahoak urtzeko gai diren jakiak eskainiz.

Horrez gain, ikuspegi izugarri ederrak eskaintzen dituen terrazak denboraz ahaztera eta momentuaz gozatzera gonbidatzen du.

Errioxako Balkoia

Arabako Errioxara egindako bisita bukatzeko, Samaniegon kokatutako Errioxako Balkoi ezagunera igotzea ideia ezin hobea izan daiteke. Izan ere, lurralde honetako lekurik erakargarrienetarikoa da. Puntu honetan, Arabako mendiek eta Errioxak topa egiten dute, bidaiariari ikuspegi panoramiko hunkigarria eskainiz: Arabako Errioxa guzti-guztia. Lasaitzeko eta pentsatzeko leku ezin hobea da zeruertzean galtzen den paisai hau .

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo