GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Biziki maite dut Kaukaso, Kurdistan edo Mesopotamia bezala»

p054_f02.jpg

Karlos Zurutuza

Kazetaria

Karlos Zurutuza bidaiari eta kazetari nekaezina dugu. Ekialdea da bere lumaren jomuga, Estaturik gabeko herrien inguruko erreportaje bikainak egiten dituelarik. Horren erakusle, kazetaritza sari bi jaso ditu aurten herrialde horietan egindako lan apartagatik: Argia saria eta Rikardo Arregi saria.

Alvaro HILARIO | DONOSTIA

Karlos Zurutuza kazetariak ez zuen sekula aurreikusi egun egiten duen lana egitea: «nahi gabe» hasi zen idazten, ikusitakoa konpartitu behar zuela sinetsita. Senak ez zion kale egin antza, «Argia»-n eta «Berria»-n kaleratutako bere erreportajeak direla medio bi kazetaritza sari jaso baititu aurten: Rikardo Arregi saria eta Argia saria.

Zergatik Ekialdea?

Egin ditudan lanak, gehienbat, arabiarrak ez diren Ekialdeko herriei buruzkoak izan dira. Instintiboki, Ekialderantz jo izan dut beti. Ez dut arrazoi zehatzik aurkitu Ekialdearekin dudan grina azaldu ahal izateko.

Zelan hasi zinen erreportajeak egiten?

Bidaiari bezala hasi nintzen. Nahi gabe hasi nintzen kanpora joaten. Gero, pentsatu nuen polita izan zitekeela bidaia-testuak egitea; horrela hasi eta kazetaritza-testuak egitera pasa nintzen. Oso progresiboa izan da.

Zer egiten duzu lanean ez zaudenean?

Hainbeste bidaiatu eta gero, oporrak Euskal Herrian pasatzea primerakoa iruditzen zait. Hein batean, kanpotik ikasi dut baloratzen etxean daukaguna; etxean daukagun paradisu txiki hau, itsasoa, eguraldi bikaina, mendia. Oporrak igarotzeko toki bikaina iruditzen zait gure herria.

Nora ez zinateke bueltatuko eta zein da gehien gustatzen zaizun lekua?

Ez dut gustatzen ez zaidan tokirik. Bestalde, zaila da leku bakar bat hautatzea; niri, behintzat, oso zaila egiten zait horrelako hautu bat egitea. Nire lan asko Estaturik gabeko herrien ingurukoak izan dira; beraz, oso zaila da eremu geografiko zehatz bat jartzea herri horiei. Niretzat bada Istanbuletik ekialderantz zabaltzen den eremu bat, Pakistaneraino zabaltzen den lur esparru jakin bat. Leku bat hautatzekotan, eskualde bat, Kaukaso aukeratuko nuke, daukan aniztasunagatik; bai kultur arloan, bai paisaiari dagokionez, bai historiari... Inperioen bidegurutzea da, toki estrategikoa. Kaukaso biziki maite dut. Mesopotamia edo Kurdistan maite ditudan bezala.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo