GARA > Idatzia > Kultura

Victoria Eugenia antzokia sare sozialen amaraunean sartu da bere mendeurrenean

p054_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Victoria Eugenia antzokiaren inguruko erakusketa inauguratu dute Bulebarreko Kutxa Aretoan. Bildumak «#Victoriaeugenia, sare soziala. 100 urte antzokian» du izena eta hilaren 31ra arte izango da ikusgai.

Victoria Eugeniak mende bat beteko du uztailaren 20an, eta aitzakia horrekin, bertan gertatutakoak gogora ekartzen dizkigu erakusketa honek. 1912an hasita, gaur egunera arteko ibilbide bat egin dezake bisitariak. Hiru modutara gozatu daiteke erakusketaz; minutu gutxitan dauden elementuak begiratuz, argazkietan pixka bat sakonduz edo antzokiak gordetzen dituen istorioak irakurriz eta horietan sakonduz.

Izan ere, erakusketan guzti horiek biltzen dira. Antzokia sortu zenetik 40ko hamarkadara arteko ibilbidea azaltzen duen panel bat dago hasieran. Garai hartako antzokirik garrantzitsuenetako bat zela argi ikusten da ageri diren irudietan. Besaulki-patioa agertokiaren parera igotzeko aukera zegoenez, hasiera batean dantzaldiak eta euskal jaialdiak ospatzen ziren antzokian.

Antzerki eta zinemaren arteko borrokaren lekuko ere izan zen Victoria Eugenia, frankismoa iritsi zen arte, eta horrekin batera, gure kulturarekin zerikusia zuen guztiaren debekua.

Artista alemaniar eta italiar ugari pasatu ziren Donostiatik, Francok gonbidatuta, faxismoa zela-eta beste inon jotzeko aukerarik ez zutelako. Oso gutxi kobratzen zuten, puntako artistak izan arren.

Hiritarren antzokia

1986. urteaz geroztik, antzokia Donostiako Zinemaldiaren irudietako bat bilakatu zen. Euskal kultura pixkanaka bere lekua hartzen joan zen, eta hantxe igo ziren taula gainera Ez Dok Amairu taldeko kideak, izena oraindik zehaztu gabe zuten garaietan.

Antzokiaren kronologiari jarraituz, gaur egungo puntako teknologiara iristen da. Azken zatia gela zuri eta xume batetan dago kokatua. Paretak 2007tik hona jendeak bidalitako argazkiez, antzokiarekin zerikusia dutenez, josita dago.

Bilketa lana ez da amaitu, ordea, eta gela horretan edornok ekarpenak egiteko liburu bat eta ordenagailu bat jarri dituzte. Gainera, #Victoriaeugenia Twitter sare sozialeko hashtagaren bidez, edonork nahi duena bidal dezake antzokia hiritarrena ere badelako. Bildutako materiala etorkizunean erakusketa berriak egiteko San Telmo museoan gordeko dute.

Testu eta argazkiez gain, ekitaldi esanguratsuen kartelen eta programa zaharren adibideak, besaulkiak eta jatorrizko altzariak daude ikusgai. Horrez gain, 100 pertsonak antzokiaren inguruko bizipenak kontatzen dituzte bideo batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo